Era berean, Sopelako Udalak udalerriaren izen ofiziala aldatzeko prozedura hasi duen bitartean, Eusko Jaurlaritzak ere aukera hori aztertzeko eskatu dio tokiko erakundeari. Urtarrilaren 25ean Patxi Baztarrika Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordeak gutuna bidali zion Sopelako alkateari. Bertan, egungo "Sopelana" izen ofizialak Euskaltzaindiak araututako euskal izenarekin, hau da, "Sopela" izenarekin bat ez datorrela gogorarazten du. Hori dela eta, Udalari prozedura hasteko aukera azter dezala eskatzen dio.
Urtarrilaren 21ean egin zen Euskara, Hezkuntza eta Kultura batzordera bueltatuz, alkatetzak egindako proposizioa aztertu zen (izen ofiziala aldatzea proposatzen duena), baita Euskaltzaindiak azken urteetan egindako hainbat ebazpen:
- 1979an osatutako Euskal Herriko Udalen izendegian, Euskaltzaindiak onartu eta gomendatu zuen forma "Sopela" izan zen.
- 1986an berretsi egin zuen erabaki hori Euskal Herriko Euskal Autonomia Erkidegoko herrien izendegian.
- 1987ko urriaren 28an, Onomastika Batzordeko Idazkari eta Euskaltzaindiako lehendakariorde Jose Luis Lizundiak irizpena eman zuen eta Udalera bidali, Sopelako udalerriaren izenean euskal era akademikoa "Sopela" dela argituz, Sopela delako eskualdeko euskaldunek herria izendatzeko erabili duten ohiko forma, toponomastikaren arau orokorrari jarraituz, bokalen arteko n-a galduz. "Sopelana" izena, aldiz, udalerriari deitzeko "versión romance" bezala izendatzen zen.
- 1997an, Euskaltzaindiak irizpen berri bat eman zuen aurrekoa berretsiz.