Jon Rosalesen kontrako epaiketa salatu dute ehun lagunek Algortan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2013ko urt. 28a, 21:51

Jon Rosales Palenzuela gaztearen eta beste zortzi euskal herritarren kontrako epaiketa hasi da gaur Espainiako Auzitegi Nazionalean. ETAri laguntza ematea egotzita, 10 urteko espetxe zigor eskaerari aurre egin behar izango dio algortarrak, "akusazioan oinarri bakarra, inkomunikazio aldian, basaki torturatuta izan zenean ateratako deklarazioa dela", Algorta-Getxoko Ezker Abertzaleak salatu duenez. Hain zuzen ere, epaiketa arbuiatzeko, ehun bat gizon-emakumek egin dute manifestazioa gaur iluntzean herriko kaleetan zehar. Mobilizazioa hasi aurretik azaldu dutenez, "lasai" deklaratu dute akusatu guztiek, Algortako bizilagun izandako Jone Lozano Miranda gatibu leitzarra izan ezik; bera ere inputatua egon arren, momentuz, ez delako epaitua izango egun Frantzian, Lyon-Corbas espetxean, preso daukatelako. Horretaz gain, atxiloketetan parte hartu zuten guardia zibilek ere deklaratu dute, "atzeman zizkietenak" zerrendatuz. Biharko, Getxoko udaletxe aurrean deitu du elkarretaratzea, 16:30ean, Ezker Abertzaleak. Izan ere, 17:00etan hasiko da urtarrileko ohiko osoko bilkura. Batetik, Getxoko Bilduk Rosalesen epaiketaren inguruko mozioa aurkeztu du; eta Algortako preso baten senideak interpelazio zuzena egingo dio Imanol Landa alkateari, galde-eskeen txandan. Argazkian, gaurko manifestazioa Telletxetik abiatzen.

Epaiketa aurreikusitakoaren arabera joatekotan, asteazkenean izango dute azken saioa Madrilen akusatuek. Egun horretarako, elkarretaratze informatiboa deitu du Algorta-Getxoko Ezker Abertzaleak eta baliteke manifestazioa ere egitea. Hitzordua 19:30ean jarri dute, Telletxe plazan. Bitartean, gaur epaiketara joandako lagunek ez dute zehazterik izan Jon Rosales algortarra eta Adur Aristegi elorriarra atxilotu zituzten Mossos d'Esquadra poliziek deklaratu duten. Biak ala biak 2010eko otsailaren 17an atxilotu zituzten Gironan. Izan ere, lagun asko gerturatu dira epaiketara eta txandaka sartu-irten egin dira epaituak ikusi ahal izateko.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun