Agure bat, 90 urtekoa, harrapatu du auto batek Plentzian eta Gurutzeta ospitalera eraman behar izan dute. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, ezbeharra arratsaldeko 14:15ak aldera izan da, Plentziako herrigunean. Agureak hainbat ubel eta kontusio hartu ditu. Baina ez da hori izan eskualdeko errepidetan gertatutako istripu bakarra. Atzo, goizeko 9:55ak aldera, Toyota Carina modeloko auto bat galtzadatik irten eta hainbat bider irauli zen Bi-637 errepidean, Leioan, Bilboko noranzkoan. "El Correo Español"-ek Ertzaintzaren iturriak aipatuz
zabaldu duenez, autoan zihoazen lau gazteetatik bi zauritu ziren eta Gurutzetako ospitalera eraman zituzten. Su hartu zuen autoaren gidariari alkoholemia proba egin ziotenean positibo eman zuen. Hori dela eta, trafikoaren segurtasunaren aurkako delitua egotzi zion Ertzaintzak. Era berean, atzo goizeko 6:30ean beste auto bat irauli zen Enekurin, Bilboko aldean, Bi-624 errepidean. Gidaria, 36 urteko gizonezkoa, Basurtura eroan zuten arreta medikua jasotzera. Argazkian, pare bat ertzain trafiko kontrola ezartzen artxiboko irudian / cc-by Irekia.net - Eusko Jaurlaritza.