Apurtu egin da Plentziako Independenteen eta EAJren arteko hitzarmena

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2013ko urt. 29a, 13:48

2012ko aurrekontuak luzatuta arituko da aurten Plentziako Udala. Izan ere, joan den osteguneko osoko bilkuran, Isamari Zarauza alkate duten Independenteen lau botoak ez ziren nahikoak izan 4.300.000 euro inguruko kontuak aurrera ateratzeko. EAJko lau zinegotziek aurka bozkatu zuten, "akordioa bilatzen saiatu arren, elkar ulertzea ezinezkoa izan delako", "Deia" egunkariak zabaldutakoaren arabera. Bilduko hiru ordezkariek ere kontrako bozka eman zuten, "koalizioak egindako proposamen guztiei ezezkoa eman diotelako". Hain zuzen ere, bozketa horrek bertan behera utzi du 2011ko udal hauteskundeen ostean Plentziako Independenteek eta EAJk egindako hitzarmena. Lehenengoek sei botoren aldea atera zieten jelkideei eta, negoziaketen ostean, azken hauek ez zuten oztoporik jarri Zarauza alkatetzara heltzeko. Horren ordez, Herri lanak, Zerbitzuak eta Kirolak; Merkataritza eta Jaiak; Gazteria; eta Ibaia, Portua, Hondartza eta Turismo arloak eskuratu zituen EAJk. Aurrekontuen kontra bozkatu ostean, baina, kendu egin dizkie ardurak Zarauza udal agintari independenteak, "Deia" egunkariak zabaldu duenez. Hedabide horren arabera, Jabier Artaza bozeramaile jekideak adierazi duenez, "Independenteek argi utzi ziguten ez ginela Udal Gobernuaren zati, ez ginela koalizio moduan arituko eta askatasun osoa geneukala". Argazkian, Isamari Zarauza Plentziako alkatea.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun