Beste behin ere, izen handiko antzezlan bategaz gozatzeko aukera egongo da Kurtzio Kultur Etxean. Larunbat honetan, otsailak 2, GluGlu produkzioen "A gusssssto" antzezlana izango dute Sopelan, Gorka Aginagalde eta Gurutze Beitia aktore ezagunen eskutik. Antzezlanak protagonista bi ditu: Patxi Arrigagorritxerriberrigoitiabeitia, Varaderoren eta sexu-turismoaren zalea; eta Estela María Lourdes de Aquitepilloaquitemato, Patxiren bihotza bereganatu duen kubatarra. "Umore euskaldun kubatarra” aurkezten dute ikuskizun honetan. Hango eta hemengo umorea, aurreskuarekin eta reggaetonarekin batera nahastutakoa… berezia… oso berezia…, txoriburua… oso txoriburua…, xelebrea behintzat bai…, baina batez ere dibertigarria… oooso dibertigarria,… barreak itotzekoa…, irrigarria… oso irrigarria…, bakarrik edo lagunekin barrez lehertzekoa… 60 minutuak di-da batean pasako dira... benetan galduko duzu?", adierazi dute udal iturriek. Hitzordua 20:30ean izango da Kurtzio Kultur Etxean. Sarrerak sei euroan eros daitezke jada, Kurtzion bertan, udaletxean eta Larrabasterrako Sopelarin bulegoan. Argazkia: © GluGlu.