Ostegun honetan, urtarrilak 31, batzar irekia egingo du
Algortako Herrira bilguneak. Hitzordua 19:30ean izango da Aldai patronatuan, Itsas-Ganen. Gai-ordenari dagokionez, urteko balantzea, aurrera begirako erronkak eta bestelakoak izango dituzte hizpide. Hartara, Algortako Herrira bilguneko talde eragileak herritar guztiak gonbidatu ditu batzar irekian parte hartzera, "guztion indarrez euskal preso eta iheslari politikoak etxera ekarriko ditugulako". Bestalde, Jon Rosales Palenzuela gaztearen eta beste zortzi euskal herritarren kontrako epaiketa egiten ari dira egunotan, Espainiako Auzitegi Nazionalean. ETAri laguntza ematea egotzita, 10 urteko espetxe zigor eskaerari aurre egin behar izango dio algortarrak, "akusazioan oinarri bakarra, inkomunikazio aldian, basaki torturatuta izan zenean ateratako deklarazioa dela". Epaiketa aurreikusitakoaren arabera joatekotan, gaur izango dute azken saioa Madrilen akusatuek. Gaurko, elkarretaratze informatiboa deitu du Algorta-Getxoko Ezker Abertzaleak eta baliteke manifestazioa ere egitea. Hitzordua 19:30ean jarri dute, Telletxe plazan. Argazkian, asteleheneko manifestazioa Telletxetik abiatzen.