Proposamenaren gaineko eztabaidan, PSE-EEk ondo baloratu zuen ordenantzaren aldaketa. Izan ere, “bere garaian gure alderdiak etxebizitza horien segurtasuna handitze aldera” egin zuen eskaria aintzat hartzen baitu. Bilduk aurka bozkatu zuen “etxebizitzaren plangintza orokorraren politikari erantzuten ez dioten neurri zehatzak direlako eta espekulazioarentzat mesedegarri direlako”. PP proposamenaren alde agertu zen, baina “nahitaezkoa izango da Udalak etxebizitzen gainean hartuko diren segurtasun neurriak kontrolatzea, kontrako helburua bete ez dezaten, esate batera, burdin hesi bat ipini eta suteetako irteerarik ez izatea gerta ez dadin”. Joseba Arregi Hirigintza zinegotziak azaldu zuenez, “ordenantzaren aldaketa horrekin etxebizitza horien segurtasuna areagotzeko eta krisi garaian etxebizitzak egiten laguntzeko auzotarren eskaera jasotzen dugu”. Orain, arrazoibideak aurkezteko epealdia zabalduko da. Inolako alegaziorik aurkeztuko ez balitz behin betiko onartuko litzateke ordenantza.
Mozioak
Udalbatzako eztabaida nagusia mozioen atalak bereganatu zuen. "Guztiak testigantza gisakoak izanik", 3 onartu zituzten: bata PPrena, PSE-EEk babestua, urtean behin osoko bilkuraren batzarrerako gai bakarra “Udalerriaren egoera” izatea eskatzen zuena; PSE-EErena bigarrena, EAJren proposamenak jasoz, ura eta saneamenduaren giza eskubidearen aldekoa, Europako Herritar-Ekimenarekin bat egiteko, eta azken mozio bat, hori ere sozialistena, BBKri Algortako Urgull kaleko zahar-etxeko zerbitzuak gehiagotzeko eskatzeko. Bilduk aurkeztutako Jon Rosalesen epaiketaren kontrako mozioa, ordea, atzera bota zuten.