Ostiral honetan, otsailak 1, Erromo Duin kolektiboa aurkeztuko dute arratsaldeko zazpietan tokiko kultur etxean. Lan eta gizarte-eskubideen defentsa helburu duen kolektibo berriak Itzubaltzeta / Romoko Greba Batzordean ibilitako hainbat lagunek sortu du. Haien aburuz, "murrizketek, lan-erreformek edo etxe kaleratzeak bezalako erasoek greba egunak gainditzen dituen borroka iraunkorra behar-beharrezkoa egin du". Espainolez “Lucha o pierde” sinadura edukiko duen kolektibo berriko sortzaileek, beraz, "auzo mailan epe luzeko borroka-plangintza osatzeko" deia luzatu diote herritar orori. Erromo Duinen jardueraren ardatza Itzubaltzeta izango den arren, inguruko herrietan azken aldian sortzen ari diren antzeko kolektiboekin badute harremanik eta haiekin elkarlanean jarduteko asmoa agertu dute. Argazkian, 2012ko irailaren 26ko greba orokorrean, Itzubaltzeta / Romoko Greba Batzordeak deituta arratsaldeko manifestazioan 280 bat lagunek parte hartu zuten Itzubaltzeta zein Areeta zeharkatzen.