Bihar salatuko dute Erandioko hiru lagunen kontrako epaiketa

2011ko Erandioko San Agustin jaietako liburuxkan agertutako iragarki batengatik, asteartean, otsailak 5, epaituko dituzte Espainiako Auzitegi Nazionalean Mikel Urriz eta Jose Angel Torre Erandioko Hegoalde kultur elkarteko kideak eta Iñaki Duñabeitia auzoko jai batzordeko presidentea. Fiskalak 18 hilabeteko kartzela zigorra eta 8 urteko inhabilitazioa eskatzen du bakoitzarentzat, "terrorismoa goratzea" egotzita. Epaiketa goizeko 10etan hasiko da, Madrilgo San Fernando de Henares herriko pabiloietako batean. Hori salatzeko, "Adierazpen askatasuna! Utzi Erandio bakean!" lelopean, manifestazioak zeharkatuko ditu bihar, ostirala, Erandioko kaleak; 19:30ean, metroko zabalgunetik abiatuta. Bestalde, epaiketara joateko autobusa ere izango da. Karraka tabernan izena eman beharko da. Argazkian, Itzubaltzeta / Romoko kaleak zeharkatu zituzten 150 bat lagunek. Ibilbidean zehar, tortura, errepresioa eta epaiketen aurka azaldu ziren manifestariak, beste beste, hiru erandioztarrei elkartasuna adierazteko.

Jaietako liburuxkako iragarkian, besteak beste, Ekin erakunde politiko ilegalizatutako kidea izatea leporatu zioten eta Hegoaldeko bi bazkideren alaba den Erika Bilbao preso ohiaren argazkia, Arrano Beltza eta "Erika maite zaitugu" eta "Euskal presoak etxera!" leloak agertzen ziren. Hori dela eta, tokiko jai batzordeak "absurdotzat" jo du "halako inputazioak egitea eta erandioztar hauek Madridera joateko kinka larri hau jasan behar izatea". "Absurdoa da iragarkia zilegia delako eta are absurdoagoa da jai batzordeko presidentea zentsorearen papera betearaztea exijitzea. Erandioko taldeen adierazpen askatasuna babesten dugu, eta epaiketa hau askatasun honen kontra doa, mezu iraingarririk ez zegoelako iragarkian", salatu dutenez. Halaber, hiru erandioztar horiei, "epaiketa hurbildu ahala, elkartasun keinu bat egitea" eskatu diete erandioko tabernari, merkatari eta talde guztiei.

Erandioko Jai Batzordeak zabaldutako idatzia

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun