Teknikariek egindako azterketaren arabera, sutearen gunea tarteko solairuko biltegiaren aldean eta bulegoetan piztu da eta inguru horretan gertatu dira kalterik handienak. Eraikinaren egituran izandako narriadurak gehien bat estalduran daude eta habe metalikoren bat kaltetu dute, lurrera erortzeko arriskurik ez egon arren, ezta Aquariumen ondoko eraikinetako negozioetan kalterik sortzeko ere. Eraikinaren beheko parteari dagokionez, kalteak sutearen keagatik eta suhiltzaileek erabili behar izan duten uragatik izan dira soilik. "Hala ere, han dauden ekosistemek eta itsas espezieek oso kalte gutxi jasan dituzte", aipatu dute arduradunek.
“Zentroaren balio hezkuntz-didaktiko eta turistikoa dela eta, gaur bertan hasiko da garbitzen eta abiatuko dituzte konponketa lanak, lehenengoak eta premiazkoenak, zentroa, Bizkaian dagoen akuario bakarra, ahalik eta lasterren zabaldu nahi baitugu, zorionez kaltetuta gertatu ez den itsas aberastasun itzel horrez hiritarrek gozatzen jarraitu dezaten”, adierazi du Keltse Eiguren Getxoko Udaleko Ingurumen zinegotziak.
300 espezie
Gogoratu behar da Getxo Aquarium Estatuan dauden zentroetatik 10 onenen artean dagoela. 2012an 18.165 lagun igaro ziren bartatik (aurreko urtean baino %1,86 gehiago), eta horietatik 7.383 nagusiak izan ziren (+%2,54) eta 5.014 umeak (+%62,75). Getxo Aquariumak bi alde ditu, 300 espezie baino gehiagorekin. Bata Atlantikoko ekosistemei dago dedikatuta eta bestea tropikalei. Kirol Portuko instalazioetan itsas biotopo askotarikoak hartzen ditu, alga eta arrainez beteriko hogei bat andeletan, hurbilekoak diren espezieekin zein tropikal exotikoekin (zirujau delako arrain deigarriak, esate batera), anemonekin edo krustazeoekin.