Otsailaren 17rako, igandea, XII Batzar Nazionala antolatu du
Etxerat elkarteak, Leioa eta Erandioko campusean. Bertan, igaro berri den urtearen balantzea egin eta aurrera begirako ildoak jorratuko dituzte, aurretik herri eta eskualdeetan landu den ponentzia baten gainean lan eginez, gaur Donostian egindako prentsaurrekoan Elias Miner eta Nagore Lopez de Luzuriagak iragarri dutenez. Goizean ekitaldi itxia egingo dute Etxerateko kideek, eta bazkal ondoren agerraldia egingo dute ondorioen berri emateko. Senide guztiek parte hartzea oso garrantzitsutzat jotzen du Etxeratek eta horregatik gonbita egin die denei batzarrera joan daitezen. Ildo berean, urtarrilaren 12an Bilbon bildutako "indarra eta babesa" eguneroko lan bilakatu eta presoen eskubideak errespetatzen diren eszenatoki batera ailegatzeko baliatu behar dela esan dute Minerrek eta Lopez de Luzuriagak. Bide horretan, presoen senideen elkartea prest dago eragile sozial, politiko eta sindikal guztiekin lan egiteko. Horrekin batera, "benetako aitortza, bakea, bizikidetza eta memoriaren inguruan antolatzen diren ekimen ezberdinetan parte hartzeko prestutasun osoa" azaldu dute Etxeraten ordezkariek. Argazkian, urtarrileko azken ostiraleko elkarretaratzea Algortan / cc-by
Algortako Herrira.