Astelehenean hasi zen Jon Rosales Palenzuela gaztearen eta beste zortzi euskal herritarren kontrako epaiketa Espainiako Auzitegi Nazionalean, eta asteazkenera arte irautea espero zen. Egun horretan, Algortako Telletxe plazan iluntzeko batzar informatiboan bildutako 30 bat lagunei adierazi zietenez, ordea, asteartean 21:00ak arte luzatu zen bista eta prozesua gaur arte atzeratzea erabaki zuen Fernando Grande-Marlaska epaileak. Gauzak horrela, gaurko, mobilizazioa deitu dute 20:00etan, Telletxen bertan. ETAri laguntza ematea egotzita, 10 urteko espetxe zigor eskaerari eskatzen dute Rosalesentzat, "akusazioan oinarri bakarra, inkomunikazio aldian, basaki torturatuta izan zenean ateratako deklarazioa dela", Algorta-Getxoko Ezker Abertzaleak salatu duenez. Herriko bizilagun izandako Jone Lozano Miranda gatibu leitzarra ere inputatuta dago auzian, baina, momentuz, ez da epaitua izango egun Frantzian, Lyon-Corbas espetxean, preso daukatelako. Argazkian, asteartean 30 bat lagun elkartu ziren Getxoko udaletxe aurrean, osoko bilkura hasi aurretik.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!