Sei hilabete igarota, berriro ere Sopelako San Pedro eliza ondoko autobus-geltokian egin dute prentsaurrekoa
Uribe Kostako Bilduko hainbat zinegotzik. Orain urte erdi,
Bizkaiko Foru Aldundiak autobus-lineen berrikuspena egiten ari zen herrialde osoan, eta koalizio ezkertiarrak alegazioak helarazi zizkion, eskualdeko herri ezberdinetan topatu zituzten gabezietan oinarrituz. Besteak beste, Uribe Kostako herriak eta Leioa-Erandioko campusa lotuko dituen autobus-linea sortzea proposatu zion Bilduk Aldundiari. "Zoritxarrez, alegazioak aurkeztu genituenetik urte erdia pasa denean, markesina honetan hitzordua jarri behar izan dugu berriro ere. Izan ere, foru erakundeak ez ditu aintzat hartu Bilduk egindako proposamenak, eta aurkeztutako alegazio guztiei ezetza ematea erabaki du", azaldu du Maitane Nerekan zinegotzi getxoztarrak. Horren aurrean, "itsu-itsuan proposamenei ezetz erantzun beharrean, erabiltzaileek dituzten beharrizanak kontuan hartzea" eta, horren arabera, autobus-linea hori sortzeko aukera berriro aztertzea eskatu diote ezkertiarrek Aldundiari. Izan ere, gogoratu dutenez, "Uribe Kosta osoan campusera doazen autobusak Getxotik bakarrik irteten dira". Argazkian, ezkerrean, Fernando Larrinaga Bizkaiko Batzar Nagusietako batzarkidea izan dute lagun gaur Bilduko ordezkariek / © Uribe Kostako Bildu.