Udaberri bezperan ama lurra esnatzeko erabiltzen omen ziren Agate Deunako makil kolpeak antzina. Egun, ez da halakorik behar, ama lurra beti baitago esna, emakumeak erailtzen dituen zibilizazio basati beraren esplotaziopean lo egin ezinik. Agate Deunak ekaitzetatik eta suteetatik babesten zituela ere sinesten omen zuten gure arbasoek. Neoliberalismoaren egungo ofentsibaren aurrean, borrokaren tximistek eta trumoiek saihestezinak dirudite, baina. Agate Deunako makilak jendarte-borrokarako erabili beharko, bada. Borroka horren jomugan sistemaren izaera patriarkala ere jarri ezean, ordea, erdipurdiko kolpeak baino ez dizkiogu joko –eta emakumeen zein ama lurraren aurkako biolentziak bere horretan jarraituko du–. Hortaz, jendartea eta haren sostengua den ama lurra bera are gehiago hondatzea saihestu nahi badugu, ustezko zibilizatuok lehenik eta behin hobe dugu geure burua makil kolpetxo batez esnatu eta atsotitz hau ondo-ondo ikasi: “Gure borroka, feminismoa kendute, ahuntzaren gauerdiko purrute".
Koldo Larrea Antxia "Itxina" (Itzubaltzeta / Romo)