Getxoko Udalak ostalaritza establezimenduak zarratzeko ordutegia luzatuko du inauterietan Algortan eta Itzubaltzeta / Romon, "krisiaren eraginez zailtasun handiak jasaten ari den sektorearen ekonomia jarduerari laguntzeko", tokiko arduradunek jakinarazi dutenez. Horrenbestez, otsailaren 8 eta 9an, ostirala eta larunbatean, Algorta eta Romoko 1. multzoko tabernak (dastalekuak, izozki-dendak, txurro-dendak...) 02:30 arte egon ahal izango dira zabalik; 2. multzokoak (kafe-etxeak, tabernak...) 04:30 arte; 3. multzokoak (pubak, klubak...) 06:00ak arte; eta 4. multzokoak (diskotekak...) 08:00ak arte. Ordutegi berdina izango da hilaren 15ean eta 16an, baina Algortan bakarrik. Algortan, tokiko jai batzordeak; Itzubaltzeta / Romon, jai batzordeak, Itzubaltzeta gaztetxeak, Ziztu Bizian eskaut taldeak eta Zasi Eskola dantza taldeak; Areetan, Berantzagik; eta Getxon, Itxas Argiak antolatu dituzte ekintza egitarauak. Horiek jasotzen dituzten jarduerak dira, besteak beste: mozorro lehiaketak, umeentzako tailerrak, desfileak, erromeriak, txokolate-janak eta musika. Argazkian, eskola Inauteriak Itzubaltzeta / Romon, artxiboko irudian / © Getxoko Kultur Etxea.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!