Jai batzordeak berak jakinarazi zuenez, 2011ko jaietako liburuxkan argitaratutako bi iragarkitan "'terrorismoaren goratze' ustezko delituren bat egon zitekeela uste zuen magistratuak". Lehenengo iragarkian, Branka kultur elkartekoan, bi auzokide preso ageri ziren: Imanol Beristain, Segi gazte erakunde ilegalizatuko kide izatea leporatuta 2010eko urriaren 22an atxilotu zutena eta preso prebentibo gisa egon ostean gaur epaiketaren zain kalean dagoena eta Iñaki Gonzalo Casal "Kitxu" herriko kazetari, idazle eta ETAren Lanbroa komandoan aritzeagatik preso dagoena, Euskal Herritik urrun 15 urte baino gehiago eman dituena eta ama oso gaixorik izan ostean berriki hil zaiona. Biak ala biak "preso etarrak" ziren epailearentzat. Bigarrenean, herriko txosna batzordekoan, epaileak ez zuen zehaztu zein izan zitekeen usteko legez kanpoko elementua. Bertan, "Euskal Presoak Euskal Herrira" lelopeko bandera bat ikus daiteke. Gainera, horren egiletza jai batzordeari egozten zioten, nahiz eta talde horrek ukatu zuen. Auziaren aurrean, herriko koadrila, dendari, ostalari eta auzokide guztiak deitu zituzten mobilizazioetan parte hartzera.
Sumarioan agertzen den jai liburuxka Ertzaintzak bildu zuen eta Leioa eta Getxoko udalei jai batzordea eta bere ordezkaritzari buruzko datuak eskatu zizkieten. Kasualitatez edo ez, Ertzaintzak eta Espainiako Auzitegi Nazionalak erabili dituzten iragarkiak Getxoko PPk iazko abuztuaren 3an prentsaren bidez lau haizeetara zabaldutako berberak izan dira.
Itzubaltzetarrek makina bat atxikimendu batu zituzten, tartean dozena bat elkarterena, mila auzokideena eta Getxoko Udalbatzarena, azken erakunde horrek bi auzokideen inguruko bere "kezka" agertu zuen, EAJ eta Bilduren botoen babesarekin.
2011ko abuztuaren 3an Getxoko PPk salatu zituen jai-liburuxkako orriak