Goizeko 10:15 aldera hasi da hiru erandioztarren kontrako epaiketa Espainiako Auzitegi Nazionalean. Mikel Urriz Hegoalde kultur elkarteko kidea izan da lehena deklaratzen. Formalki aipatu taldeko presidentea den arren, badira 12 urte Erandiotik kanpo bizi dela, adierazi duenez. Areatzan bizi da eta, "kontaktua badaukat ere, ez nago egunerokoan", gaineratu du. Urrizek aipatu duenez, 1987an sortu zen Hegoalde eta makina bat jarduera kultural egin du. Baina, "inoiz ez da aldatu zuzendaritza". Iragarkiari dagokionez, nork egin zuen ez dakiela esan du, baita inprimatu aurretik ikusi egin ez zuela ere. Guztion harridurarako, publizitatean agertzen zen Erika Bilbao "Ekineko kidea izateagatik preso dagoela" bota du fiskalak. Aipatu laguna, ordea, publikoaren artean egon da. Izan ere, uztailaren bukaeran aske geratu zen, epaiketaren zain. Urrizen ustez, iragarkia "Erikaren gurasoekiko elkartasun keinua izan liteke". Bere iritziz, "Hegoaldekoen zein Erandio osoaren sentimendua islatzen zuen", nahiz eta "zergatik jarri zen jakin ez". Hasieratik, Arrano Beltzaren esanahia eztabaidagai bilakatu da gaurko epaiketan. Fiskalaren arabera "ETAren ikurra" da. Eta Urrizek erantzun dio Nafarroako Erresumaren armarria dela. Era berean, Kepa Landa abokatuak gogoratu du "ETAren ikur bakarra sugea eta aizkora" direla.
Deklaratzen bigarrena, Jose Angel Torre "Txantxel" Hegoalde elkarteko presidenteordea da formalki. Erandioko jaietan bazkaria ta goitibeherak antolatu zituen. Berak azaldu duenez, "ez zen batzar bat egin iragarkia erabakitzeko". Hala ere, horrekin "ados" dagoela adierazi du, Erika Bilbaoren gurasoen laguna delako. Gaineratu duenez, "Erikaren gurasoak animatzeko zein jaiak diruz laguntzeko jarri zen iragarkia, ez Erika goratzeko".
Epaiketa hasi eta ordu erdira heldu da Iñaki Doñabeitiaren txanda. Hasi bezain laster argitu duenez, bera ez da formalki jai batzordeko presidentea, jendeak horrela hartzen duen arren. Iragarkiari buruz, aurretik ez zuela ikusi aipatu du, "zuzenean inprimategira igorri zutelako". Bestalde, erdalduna izanik, Hegoaldekoek idatzitakoa "ulertu ez" zuela adierazi du. "Ez nuen Erika ezagutzen ezta goratzeko asmorik", amaitu duenez.
Lekukoen txanda
Akusazioaren lekukoek Bilbotik deklaratu dute, bideokonferentziaz. 889 zenbakiko ertzainak, atestatuaren idazkariak, Hegoaldeko kide bat deitu zutela esan du, "baina ez zen zuzendaritzakoa eta utzi genuen". Urriz telefonoz galdekatu eta inputatu zuten. Aipatu agentearen arabera, "posta elektroniko baten bidez" izan zuten iragarkiaren berri, "abuztuaren 25ean". Horretaz aparte, Ertzaintzak Hegoalde ikertu ez zuela adierazi du. Arrano Beltzari buruz, horren jatorria zein den ez dakiela aitortu arren, "erradikalena" dela esan du 889 zenbakiko ertzainak. Ondoren, 61836 zenbakiko ertzainak, ikerketako instruktoreak, "jai liburuxkan preso prebentibo zegoen emakume baten argazkia, ustez erakunde terroristako kide edo laguntzaile zena, horri buruzko testua euskaraz eta Arrano Beltza zeudelako" ikertzen hasi zirela deklaratu du. Aitortu duenez, Hegoaldeko kideen datuak Erandioko Udalari eskatuta lortu zituen Ertzaintzak.
Ertzainak deklaratzen amaitu ostean, Janire Urkiaga jai batzordeko kideak hitza hartu du, defentsaren lekuko gisa, Doñabeitiak esandakoa berretsiz: "jai batzordean ez genuen ezagutu iragarkia liburuxka atera arte. Hegoaldek zuzenean inprimategira eraman zuelako", azaldu du. Beste taldekide batek errepikatu du akusatua ez dela jai batzordeko presidentea. Bitartean, Santi Neira Erandioko Kultur zinegotzi ohiak (EAJ) gogoratu duenez, "interesa duen auzokide orok parte har dezake jai batzordean". Erika Bilbaoren aitak ere deklaratu du defentsaren lekuko bezala; baita bere alaba kalean dagoela eta oraindik ez dutela epaitu gogoratu ere. Jose Angel Bilbaok "poztasun handia" hartu zuen liburuxkan Erikaren argazkia atera zela jakitean, "animoz nahiko goibel" zegoenean.
Konklusioak
Lekukoen deklarazioak bukatuta, hiru erandioztarren kontrako zigor eskaera berretsi egin du fiskalak, "gaur ere egiletza aitortu dutelako", 2012ko urtarrilaren 9an, "Fernando Grande-Marlaska epailearen aurrean egin bezala". "Hortaz, autoria frogatuta, ekintza delitua den ikusi behar da", gaineratu duenez. Akusazioaren iritziz, "argazkia argi eta garbi erakunde terroristako kidea izateagatik preso zegoen pertsona batekoa zen. Eta Arrano Beltza ja inork gogoratzen ez duen lau errege nafarren ikurra zen, baina svastika bezala ondoren beste esanahia hartu zuen. Argazkia gehi ikurrak berdin kondena". Fiskalak dioenez, Arrano Beltza "Auzitegi Gorenaren jurisprudentzian delitua" da. Bere ustez, "argazkiak eta testua bananduta ez lirateke delitua, ezta Arrano Beltza ere, sinesten badugu EAEn Nafarroa lez jotzen dela". Halere, "dena batera, erratu gabeko moduan delitua dela esan dezaket, terrorista bat goratzeko beste asmorik ezin baita" egon, bere ustez.
Kepa Landa abokatuak oso bestelako ikuspuntua plazaratu du, hiru erandioztarrentzat absoluzioa eskatuz. Besteak beste, Iñaki Doñabeitiari dagokionez, "jai batzordeak iragarkiaren edukia ez zuela kontrolatu eta Iñakik berak testua ulertzen ez zuela" adierazi du letraduak; "erakunde antolatu bat ez" dela gaineratuz. Bitartean, Mikel Urrizi egiletzarik ezin zaiola egotzi uste du Landak, "ez zuelako Hegoalden aspaldidanik parte hartzen". Iragarkiaren edukiari buruz, "Erika maite zaitugu" arlo pertsonalari dagokiola esan du abokatuak eta "horiek jurisprudentzian ez direlako delitua". Ildo berean, gogoratu du, Erika Bilbao epaitzeke dagoela eta balitekeela absolbitua izatea: "Terrorista ez den terrorista bat goratu daiteke?", galdetu duenez. Halaber, "Nafarroako diputazioak ETA goratzeko asmoa dauka bere fatxadan Arrano Beltza izateagatik?". "Dena solte ez du ematen terrorismoaren goratzea denik, baina dena batera are gutxiago", adierazi du Landak.
Itzubaltzetako epaia
Emandako argudioen artean, oso auzi antzekoagatik, epaitegi berberak emandako beste epai bat gogoratu du abokatuak. Josu Iturburu Itzubaltzeta / Romoko Branka kultur elkarteko presidente eta Jagoba Agirre herri bereko jai batzordeko presidente ohia absolbitu ditu Espainiako Auzitegi Nazionalak. Biak pasa den abenduaren 10ean epaitu zituzten, 2011ko jai-liburuxkan argitaratutako iragarki batean agertzen ziren bi euskal presoren argazkiengatik. "Terrorismoaren goratzea" leporatuta, fiskalak 18 hilabete eta zortzi urteko inhabilitazioa eskatu zuen akusatu bakoitzarentzat, baina epaiketan zehar ezin izan zuen frogatu ez iragarkia nork agindu zuen ezta helburua ETAko preso bat eta ustez Segiko kidea izateagatik atxilotutako gazte bat goratzea zenik. "Adierazpen askatasuna gainetik" dagoela gogoratu du epaiak, Landak gogoratu duenez. Hiru erandioztarren aurkako epaiketa 12:00ak aldera bukatu da.