Getxoko Udalak auzokideetako batekin daukan “eskuzabaltasuna” salatu du Arteaga Aurrekoa baserriko bizilagunak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2013ko ots. 6a, 15:03

Atzeko etxaldeko andrea "beraiekin tematuta" dagoela salatu dute Getxoko Zientoetxe Errepideko Arteaga Aurrekoa baserriko bizilagunek. Lehen, albo batetik, horma batek babestutako bidetik sartzerik bazeukatela adierazi du Zulema Royo etxeko goiko pisuan bizi den lagunak. Orain urtebete, baina, horma botatzen hasi zen atzeko emakumeak, eta hasiera batean, elkarren arteko salaketak tarteko, gelditzea lortu zuten arren, bere helburua lortu du atzealdekoak: baserriaren parez pare jarri du horma, alboko bidea itxiz. Korridorea berea dela ulertzen dute Arteaga Aurrekoa aldekoek, baina baita bertatik igarotzeko duten eskubidea ere. Getxoko Udalaren jarrerarekiko "haserrea" ere agerikoa da. 2011ko amaieran teilatua konpondu zuten eta, orain, auzokidearen salaketa tarteko, behera bota nahi diete, "baserria babestuta dagoelakoan". Royoren ilobaren arabera, "horma hori jartzeko ere ez al dago babestuta?". Bere hitzetan, "guk eskatu beharreko baimen guztiak eskatzen ditugu eta, andre hori gauza bera egin arren, gero nahi duena egiten du". Salatu duenez, "auzokidearen baserria ere suposatzen da babestuta dagola, baina berak nahi duena egiten du. Lehenengo obrak (teilatua altxatu, leihoak atera zituen...) inolako baimenik gabe egin zituen eta gero obra legeztatu du". Argazkian, auzokideak baserriaren parez pare jarritako horma, alboko bidea itxiz.

Imanol Landa alkate getxoztarrarekin biltzeko ordua eskatu zutela aipatu dute Zulema Royo eta bere senideek: "Ezezkoaren aurrean, baina, udal batzarrera jo genuen eta, galdera-eske txandan interpelazioa egin ostean, hitzordua eman zigun. Hala ere, epaitegietara jotzeko esan zigun, inolako konponbiderik eman gabe". Zehaztu dutenez, "alkatearekin hitz egin genuenean, beraiek bidea norena den eta eskubidea nork daukan ez zirela hasiko esan zigun. Baina, baloratu, baloratu egin dute, baimena berari eman baitiote".

Bidea ez da arazo bakarra

Hala ere, baserrira sartzeko bidea itxi izana ez da arazo bakarra. Besteak beste, hormaren bestaldean, Arteaga Aurrekoa baserriarekin jotzen duten altzifreak jarri ditu atzeko andreak, baina Udalak "eskuak garbitu ditu epaitegietara bidaliz, bere ardura ez dela esanez", Aldundiak kontrakoa esan ostean. Bestalde, Arteaga Aurrekoa baserriari dagokion aldean, metalezko pare bat xafla jarri ditu auzokideak, "horma botako dugun beldur edo". Horiei dagokienez, "gutuna bidali ziguten esanez auzokidearen aldean daudela, planoak aurkeztu zituela argudiatuta. Baina, ez dute kontrastatu gure planoekin". Eta horrela beste hainbat gorabehera, tartean, horma eta baserriaren arteko zirrikituak eragindako ur-filtrazioak; eta ezin dutela uraren kontadorea irakurri eta matxura bat izatekotan ezin dutela ura moztu.

Arteaga Aurrekoa baserriko argazkien bilduma

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun