Egungo egoera “sistema kapitalista patriarkalaren baitako zibilizazio krisian” kokatzen dute, eta hura gainditzeko modua “sozialismoaren, feminismoaren eta ekologismoaren printzipioak oinarri hartuta egungo bizi eredu eta ohiturak aldatzea” dela defendatzen dute. Horretarako, ezinbestekotzat hartu dute Euskal Estatua.
Zutik Euskal Herria ebazpenean jasotzen den estrategia bere egiten dute. Gauzak horrela, “ziklo berri hau egonkortzeko, zein Marko Demokratikoa lortzeko” minimo demokratikoen eskuratzea, gatazkaren ondorioak konpontzea eta horretarako akordio politikoaren beharra azpimarratzen dituzte.
“Gazte boterea” eraikitzeko apustua egiten dute, horretarako gazte estrategia eta mugimendu osoaren garrantzia nabarmenduz. Lanerako printzipioak elkarlana eta auzolana izango dira, herrian herriko borrokak garatuz.
Azkenik, bi lan ildo nagusi identifikatu dituzte: bizi eredu berriak eraikitzea batetik, eta gatazkaren konponbidearen ildoa jarraitzea bestetik.