Hiru erandioztarren aurkako auzia Udalak abiatu zuela frogatutzat jo dute

"Argi gelditu da Erandioko Udalak gure aurkako ikerketa eta epaiketa abiatu zituela". Horrela azaldu zuen atzo iluntzean Iñaki Doñabeitia Erandioko Altzaga auzoko jai batzordeko kideak, 2011ko jai-liburuxkaren inguruan Madrilen egindako epaiketatik bueltan. Doñabeitiak urte eta erdi luze honetan berak, jai batzordeak, Hegoalde kultur elkarteak eta auziperatu guztiek jaso duten babesa eta elkartasuna eskertu zituen. Harrera egin zieten dozenaka auzokideei azaldu zienez, atzoko epaiketa ondo joan zen eta aukera handiak daude absoluzioa eskuratzeko. Bestalde, akusazioaren lekukoak izan ziren ertzainen hitzak izan zituen hizpide. Horiek jai liburuxkan ustezko delitua egon zitekeeneko informazioa posta elektroniko baten bidez jaso zutela deklaratu zuten. "Guztiok dakigu nondik etorri zitzaien" salatu zuen Doñabeitiak, Erandioko Udaltzaingoari eta Herritarren Segurtasunerako Udal Arloari erreferentzia eginez. Jose Angel Torre "Txantxel" Hegoalde kultur elkarteko presidenteordeak, berriz, Erika Bilbaoren argazkia eta arrano beltzarengatik antolatutako epaiketa "absurdoaren barruan, sentsazio onak" ekarri zituela onartu zuen. Kepa Landa defentsako abokatuak argudio eta jurisprudentziaren bidez fiskalari "jipoia" eman ziola azaldu zuen eta "bitxia" izango litzateke bere ustez, bera, Doñabeitia eta Mikel Urriz zigortzea, Jagoba Agirre eta Josu Iturburu itzubaltzetarrak epaitegi berak oso auzi antzekoan absolbitu ostean. Halere, Madrilgo Justizia Administrazioarekin ez fidatzeko abisua eman zuen. Argazkian, Iñaki Doñabeitia artxiboko irudian.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun