Areetako Anaitasuna kaleko 7. atariko tindategian obra bat burutzen duten beharginek 1936ko gerraren jaurtigai bat topatu dute. Langileek Getxoko Udaltzaingora deitu dute, arriskutsua izan zitekeen obusez kargu zezaten. Hori arratsaldeko 5:21ean gertatu da, udal iturriek jakinarazi dutenez. Udal poliziek, Ertzaintzari eman diote abisua eta ingurunea husteari ekin diote. Gauzak horrela, Anaitasuna kaleko 5. eta 7. etxebizitzen auzokideek beren etxeak utzi behar izan dituzte. Kale bereko 4. A. atariko egoiliarrei, berriz, leihoak itxi eta pertsiana jaistea eskatu diete. Trafikoari dagokionez, udaltzainek Anaitasuna kalea moztu dute, Kale Nagusia eta Cristina Erreginaren kalea bitartean. Etxetik atera duten bizilagun gaixo bat artatzeko anbulantzia eta osasun zerbitzuak ere hurbildu dira tokira. Azkenean, Ertzaintzaren artezilariak heldu, egoeraren azterketa egin eta jaurtigaia operazio-basera eramatea erabaki dute, bertan leherrarazteko. 17:48an, prebentzio dispositibo osoa bertan behera utzi eta auzokideak beren etxeetara bueltatu ahal izan dira. Horrelako jaurtigairen bat inoiz topatuz gero, ez ikutzeko aholkatzen dute adituek. Argazkian, Gerra Zibileko beste obus bat topatu zuten 2010eko abuztuaren 20an Bergaran / cc-by-sa
Goiena.net.