Ekimen hori ez da isolatua. Izan ere, herri euskaldunaren aurka hezkuntzaren alorrean ematen ari diren erasoak salatzeko “Guk, eskola euskalduna!” lelopean ekimena abiatu zuen EHEk iragan urtarrilaren 23an. EHEko bost kide Nafarroako Hezkuntza Departamenduak Iruñean duen egoitza nagusira sartu ziren eta eskola ematen ari zirenaren itxura egin zuten “Guk, eskola euskalduna” lelodun arbelaren parean. Ordutik hona beste hainbat ekimen egiten ari dira EHEko kideak hainbat herri eta auzotan. Informazio eta esku-orri banaketak, erdal ereduak dituzten ikastetxeetan markajeak, elkarretaratzeak… Gaur bertan, 19:00etan, Durangoko EHEk elkarretaratzera deitu du bertako batzokiaren parean EAJk gidatzen duen Jaurlaritzari "erdal ereduak alboratu eta eskola euskaldunaren alde egin dezan" galdegiteko. Arrasateko EHEk, aldiz, eskola euskaldunaren aldeko kalejira aldarrikatzailea egingo du gaur arratsaldean.
“Guk, eskola euskalduna!” ekimenak segida izango du aurrerantzean. Soilik Donostian gutxienez 10.100 ikaslek erdal ereduetan ikasten dutela (Jaurlaritzako Hezkuntza sailaren datuak) salatzeko elkarretaratzea egingo du Donostiako EHEk bertako Hezkuntza ordezkaritzaren parean, otsailaren 16an, goizeko 11:00etan. Ondoren, giza-katea egingo da erdal ereduak eskaintzen dituzten ikastetxeetatik pasatuz, San Patricio ikastetxeraino.
EHEren gaurko ekimenaren bideoa
