Ekimeneko kartela

Gaur, osteguna, arratsaldeko 7:30ean hitzordu berezia jarri du Leioan Bagabiz plataformak. Ordu horretan, kafe tertulia herrikoia deitu dute herriko Sakoneta kiroldegiko goiko gelan, World Kafe deritzoten moduko teknikaren bidez, Leioak dituen arazo eta gabezi sozialak atzeman eta horiei konponbidea bilatzeko. Sarrera irekita egongo da parte hartu nahi duten guztientzako. Halere, gaurkoa ez da izango jendarte plataformak Leioako arazoak identifikatzeko egin duen lehenengo jarduera. Izan ere, aurretik kanpoko esperientziei begirako hainbat mahai-inguru egin dituzte, horretarako Bizkaiko Etxeko Langileen Elkartea, Bilboko Okupazio Bulegoa, Elkartzen, Barakaldoko Berri-Otxoak taldea eta LABeko zerbitzu sozialen arduradunaren laguntza izan dutela. Merkatari txikien aldeko eta murrizketa sozialen aurkako ekimenak ere burutu ditu Leioan Bagabizek. Argazkian, 2012ko abenduaren 27an egin zuten taldeko aurkezpena.

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!