Arrosa irrati sareak "Euskal Herrian bada zer entzun!" II. jardunaldiak aurkeztu ditu

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2013ko ots. 11a, 14:55

"Euskal Herrian bada zer entzun! Irratiok elkarlanean" irrati jardunaldiak egingo ditu datorren martxoaren 2an Arrosa Sareak, Zarauzko Putzuzulo gaztetxean. Larunbatean, Euskal Herriko irrati libre, komunitario eta euskaldunen topaguneak toki berean aurkeztu zuen ekimena, sareko hamaikagarren urteurrenarekin bat egiten duena. Arrosako partaidea da sortze bidean dagoen Justuri irratia, eskualdeko egitasmo euskalduna, eta sorreratik Justurik lekukoa hartu arte Koska irratia ere bertako kidea izan zen. Arrosako kideek Putzuzulon azaldu zutenez, "euskarazko irratsaioen elkartrukea da Arrosaren gaur eguneko funtziorik garrantzitsuena". Halere, argitu zutenez, "Elkarlanean jarduteak eskaintzen dituen aukeretan sakontzen jarraitzea izan da gure asmoa betidanik" eta ildo horretan antolatu dute jardunaldia. Martxoaren 2an, goizez, hamar tailer emango dituzte, "oinarrizkoenetik, teknikoenera. Beti ere, kontu praktikoak". Herri bazkari baten ostean, arratsaldean Arrosa sarearen iragana, orainaldia eta, batez ere, etorkizunaz mintzatuko dira. Gauean, kontzertu batek emango dio bukaera egitarauari. "Hastear dauden herri- edo auzo-irratiei dei berezia" egin diete jardunaldian parte hartzeko. Argazkian, larunbateko aurkezpena / © Arrosa Sarea.

Arrosaren komunikatua

Euskal Herrian bada zer entzun! Irratiak elkarlanean, 2. jardunaldia

Badira hamar urte pasatxo Arrosa sarea sortu zenetik. Geroztik, sarea osatzen dugun Euskal Herriko irratiok gure eguneroko lan isilean dihardugu, helburu argi batekin; nork bere proiektu komunikatiboan elkarlanaren bidez euskara bultzatu eta sustatzea.

Hogeita bat dira sarea osatzen duten irratiak egun, sortu zenetik asko izan dira zerrendara batu direnak, eta bakoitzak bere izaera edukiagatik, nor bere ezaugarri propioekin, gure irratietan euskararen presentzia areagotzeko elkarlanean jarraitzen dugu urtez urte.

Euskarazko irratsaioen elkartrukea da Arrosaren gaur eguneko funtziorik garrantzitsuena, eta horrekin batera, irratigintzari dagokionez batak bestearengandik ikas dezakeenari (bai kontu teknikoetan eta baita bestelakoetan ere) garrantzia berezia eman diogu azken urteotan. Elkarlanean jarduteak eskaintzen dituen aukeretan sakontzen jarraitzea izan da gure asmoa betidanik eta horrela izango da aurrerantzean ere.

Helburu horrekin hain zuzen ere, martxoaren 2an eta bigarren urtez jarraian, Zarauzko Putzuzulo gaztetxean, Arrosa irrati sarearen ekimenez egun osoko egitaraua antolatu da “Euskal Herrian bada zer entzun” lemapean.

Goizeko 10etan hasita, eta goiz osoan zehar, tailer ezberdinetan parte hartzeko aukera izango dute bertaratzen direnek: erredakzio tailerra, nola sortu irrati bat zerotik, zuzeneko emisioa kaletik, estudioko mahaiaren erabilera, uhinetatik sarera, albisteen tratamendua eta hizkuntza sexista, software libreak irratigintzan, automatizazio programak, audio editatzea, ahozkotasuna irratigintzan…

Parte hartzaileentzat bazkaria egongo da Putzuzulon bertan eta ondoren, arratsaldeko 17etatik aurrera: Arrosa sarea. Atzo, gaur eta bihar izenburupean mahainguru irekia edukiko dugu. Gure asmoa, sarean lan egiteak eskaintzen dituen aukerak aztertzea eta etorkizunera begira urratu beharreko bidea zehaztea izango da.

Bukatzeko, gaueko hamarretatik aurrera kontzertuak izango dira gaztetxean bertan.

Izena emateko arrosa.sarea[abildua]gmail.com helbidera idatzi eta informazio gehiago lortzeko www.arrosasarea.org.

Ekimenaren kartela

arrosa2013kartela copy
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun