Udal Larrialdi Plana indarrean jarri du Getxoko Udalak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2013ko ots. 11a, 20:06

Imanol Landa Getxoko alkateak Udal Larrialdi Plana indarrean jarri du, 0 fasean, Segurtasun Sailburuak Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Uholde Arrisku Plana larrialdiaren aldian 0 egoeran aktibatu ondoren, Eusko Jaurlaritzaren Larrialdiei Aurregiteko Zuzendaritzak eta Babes Zibilak euri gogorrengatik 18:00etatik bihar, astearteko 18:00etara arte iragarritako alerta laranjagatik eta arroen egoeragatik. Jaurlaritzaren aurreikuspenen arabera, 24 ordutan 80 l/metro koadroko prezipitazioak izan daitezke. Bestalde, itsasaldeko arriskuari dagokion alerta laranja ere izango da gaur 15:00etatik biharko 09:00etara bitartean. Olatuen altuera adierazgarria 5-6 metro inguruan kokatzeko probabilitatea dago. Aurrekoan, pasa den hilabetearen erdian gertatu bezala, Getxoko Udalak neurri guztiak jarriko ditu martxan, bai ibaia bera, bai hondartzarako, porturako eta abarrerako sarbideak zaintzeko. Argazkian, udaltzain bat Gobela ibaiaren emaria zaintzen urtarril erdialdean Fadurako zubian.

Udalak herritarrei gogoratu die, behar izatekotan, Udaltzaingora dei dezaketela, 944 660 202 telefono zenbakira, edo SOS Deien 112 zenbakira. Halaber, Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologia Zuzendaritzak euri-jasen arriskuaren aurrean egindako gomendioak aintzat hartzea eskatzen zaie herritarrei. Honako hauek dira gomendioak:

- Ez utzi ibilgailurik ez eta kanpin egin ibilgu lehorretan edo ibaien ertzetan. Gerta liteke urak bat-batean gora edo gainezka egitea.
- Kendu ibilgailuak ur-putzuak sor daitezkeen inguruetatik eta urpetu daitezkeen garajeetatik.
- Ahal baduzu, ez hartu autoa.
- Bidaiatu beharra baduzu, ahal duzula, ibili errepide nagusi eta autobideetatik, eta ikusi ezinik bazabiltza, gelditu leku segururen batean.
- Erretiratu urak eramateko moduko gauza guztiak, batez ere, kutsadura eragin dezaketen produktu arriskutsuak.
- Begiratu inguruko hustubideak ondo dauden.
- Urrundu erreka, uhar, zubi edo urpean gera daitezkeen lekuetatik, eta ez saiatu urak hartutako lekuetatik pasatzen, ez autoz ez oinez: urak indar handia dauka eta eraman egin zaitzake. Ura dela-eta autoa errepidean ez aurrera ez atzera geratzen bazaizu, itzali argiak eta irten autotik.
- Mendi-magaletatik eta muino-magaletatik urrun egon; ura, harriak eta lohia amil daitezke-eta.
- Ura etxebizitzara sartuko balitz, alde soto eta behe-solairuetatik.
- Etxea utzi beharra badaukazu, itzali argindarra eta itxi gasa eta ura. Gainera, utzi ohar bat ostatua non hartuko duzun adierazteko.
- Jo leku altuenetara; saihestu urpean gera daitezkeen lekuak.
- Jakinaren gainean egon beti, irratiz edo bestela, jakiteko egoera zertan den eta eguraldiaren iragarpenak zer dioen.

Ekaitzen arriskuagatik hurrengo gomendioak hartu behar dira kontuan:

- Ez bainatzea
- Urrundu olatuak apurtzen diren tokietatik (harriak, kai-muturrak, kaiak…)
- Ez hurbildu itsaso-ibilbideetara, harkaitzetara edo kai-muturretara, uraren indarrak eraman zaitzake eta.
- Ez ibili autoz kostaldetik gertu dauden errepideetatik
- Ez erabili itsasontziak eta berrikusi amarradurak.
- Ez praktikatu itsaso-kirolik.

Larrialdiren bat izatekotan honako telefono zenbaki hauetara deitu behar da: 944 660 202 (Udaltzaingoa) eta 112 (SOS Deiak).
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun