Bizkaiko hiriburutik igaro ondoren, otsailaren 13tik 26ra bitartean, beste 7 udalerritara zabalduko da
Zinegoak Bilboko Gay, Lesbo, Trans Nazioarteko Zine eta Arte Eszenikoen Jaialdiaren 10. edizioak. Gurean, Leioa, Algorta eta Sopelan izango dira emanaldiak. Horrenbestez, asteazken honetan, "Keep the lights on" film luzea (gay eduki handia) egongo da ikusgai Kultur Leioan. Hurrengo egunean, hilaren 14an, "Olhe pra mim de novo" eduki transexualeko dokumentala eskainiko dute. Ostegun honetan ere Algortan eta Sopelan izango dira saioak. Batetik, Villamonteko kultur etxean, "Cloudburst" film luzea (eduki lesbiko handia) emango dute; eta Kurtzio Kultur Etxean sei film laburren sorta, eduki transexual handiko "Maskarak" dokumentalarekin batera. Emanaldi guztiak 20:00etan hasiko dira. Argazkian, Zinegoak Bilboko Gay, Lesbo, Trans Nazioarteko Zine eta Arte Eszenikoen Jaialdiaren 10. edizioa aurkeztu zuten urtarrilaren 24an Bilboko La Bolsa aretoan Javi Regalado Hegoak Elkarteko presidenteak, Bea Majuelo jaialdiko komunikazio arduradunak eta Pau Guillén zinemaldiko zuzendariak / © Hegoak.