EHUko Bizkaiko campuseko Errektoreordetzak aparkatzeko gune bat egokitu du Leioa eta Erandioko eremuan; "okupazio handiko ibilgailuentzat", hau da, egunero hiru ikasle edo gehiagorekin beteta doazen autoentzat. Esperientzia pilotu horren helburua "kotxe pribatuen erabilera arrazionala bultzatzea da, baita gune publikoen kudeaketa hobetzea eta ibilgailuek sortzen duten kutsadura eta energia kontsumoa gutxitzea ere", tokiko iturriek azaldu dutenez. Gaur, astelehena, abian jarri den ekimenaren lehen fasean, 25 aparkaleku-plaza dituen eremu bat mugatu dute, liburutegi nagusiaren beheko solairuan. Lehen deialdi honetan, gehienez 40 baimen emango dira goizeko txandarako eta beste 40 arratsaldekorako eta, ondorioz, eremu horretara heltzen diren lehen baimendutako ibilgailuek beteko dituzte aparkaleku-plazak. Etorkizunean, erreserbatutako eremua handitzen joango da 200 aparkaleku-plazara heldu arte. Ikasturteko bigarren lauhilabetekoan (martxoaren 4tik ekainaren 28ra) aparkatzeko gune erreserbatu hori erabili nahi duten ikasleek, otsailaren 11tik 22ra bitartean aurkeztu beharko dituzte eskariak. Aparkalekua erabili ahal izango dutenen zerrenda hilaren 28an argitaratuko dute EHUren webgunean (www.ehu.es). Argazkia: © EHU.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!