“Getxoko eraikin ederrenetako eta bitxienetakoa berreskuratu dugu udal zerbitzu batzuetarako eta horrela herritarrek gestioak egitera hurbiltzen direnean bere barrualde berrituarekin eta irisgarriagoarekin gozatu ahal izango dute, baita kanpoaldearekin ere, Basagoiti Etorbideko fatxada ikustean, Getxo hain berezia egin duen etorbidekoa dena”, adierazi du Joseba Arregi Hirigintza arloko zinegotziak. Zaharberritzeari dagokionez, azpimarratu duenez, sarbidea hobetu da Basagoiti Etorbidetik sarrera berria egin delako, solairu nagusira doazen eskailerak saiheste aldera eta bi solairuak lotzeko igogailua jarri da. Etxea eguzki-energiaz hornitzen da, energia-eraginkortasunerako eta jasangarritasunerako urratsa eginez.
Fatxada ere zaharberritu zuten, bere konposizio-elementu guztiak beren jatorrizko materialetan berreskuratuz, eta honako hauek bere horretan utzi dira: antzinako jantokia eta egongela zirenetan sabaiako eskaiolazko moldurak, zabaltzara heltzeko eskaileraren egitura eta egurrezko barrak eta baita etxeko antzinako egongelaren lanpara ere....
Etxearen estiloaren eta izaeraren ezaugarri nagusi diren mosaikoak berreskuratu zituzten neurri handi batean. Sarrera nagusiko zoruaren mosaikoa desmuntatu eta behera eraman zuten, eta erdi-sotora eraman. Bere ordez, kristalezko zorua jarri da eta horrela eraikin osoa argi naturalez hornitzen da, sabaileihotik (gorago jarri dena) sartzen dena eta aipatutako erdisotoa ere argiz janzten duena. Horrek lehen argi natural eskasa zeukan.
Iraganean udal sail batzuen egoitzak (Hirigintza eta Arkitektura Arloa, Kultur Etxea, Komunikazio Arloa, eta Euskara, Informatika, Kalitatea eta Kontratazioa eta erosketa sailak...) han izateaz gain, Harriluze Elkartea (Harriluze Mundu Euskal Historiaren Elkartea) ere bertan egon zen.