Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Ikerketa eta Sormena Artean Masterreko 17 ikasleren lanekin osatuta dagoen "Mugaz beste" erakusketa inauguratu zuten joan den ostiralean, Miarritzeko Sainte-Eugenie elizako kriptan. Ekimen hori, EHUko
Arte Ederretako Fakultateak eta Miarritzeko Des Rocailles arte-eskola nagusiak sinatuta duten lankidetza hitzarmenaren baitan dago. Erakusketa ostiral honetara arte egongo da ikusgai, egunero, arratsaldeko 14:00etatik 18:00etara bitartean. Sarrera librea izango da, EHUko iturriek jakinarazi dutenez. "Mugaz beste" erakusketa kolektiboa formatu handi eta txikiko 34 artelanek osatzen dute, hala nola margoak, grabatuak, eskulturak, instalazioak eta abar. "Teknika ezberdinekin egindako lanak dira, ezaugarri oso ezberdinak dituztenak eta, horietako batzuk, gainera, oso ausartak dira", adierazi du Xabier Agirre EHUko Margolaritza saileko irakasle eta erakusketaren koordinatzaileak. Argazkian, ezkerretik eskumara, Josu Rekalde Arte Ederretako dekanoa, Jon Mikel Euba artista eta Carmelo Garitaonandia Bizkaiko errektoreordea, aurreko erakusketa batean.