Gobela ibaiaren uraren maila jaitsi egin da azken orduotan eta ondorioz Getxo udalerri osoaren egoera egonkorra da, udal iturrien arabera. Tokiko erakundeak Larrialdi Udal Plana eta Krisi Mahaia indarrean ditu, eta Udaltzaingoaren patruilak udalerrian uholdeak egoteko arrisku handiena duten guneetatik zaintza egitera pasa dira, prebentzio neurri bezala. "14:00etan burututako azken ikuskatzean Gobela ibaiaren mailak jaisten segitzen duela egiaztatu da. Ibaiak ez du inon gainezka egin. Goizean ur-putzu bat izan da Bolue zelaietatik gertu, baina une honetan konponduta dago", azaldu dute udal arduradunek. Itsas arriskuari dagokionez, eta euri-jasagatik, goizeko lehen orduotan lurjausi txiki bat izan da Algortako Portu Zaharra inguruan. Getxoko Udalak tenperatura baxuek eragindako meteorologia-egoera larrietarako arreta protokoloa ere indarrean jarri du, kaleetan lo egiten duten pertsonak artatzeko. Argazkian, Fadurako zubia urtarril erdialdeko euriteetan.