Torturaren kontrako kontzentrazioa egingo dute bihar Leioan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2013ko ots. 13a, 00:34

Joxe Arregi Izagirre zizurkildarra Guardia Zibilak atxilotu zuen Madrilen 1981eko otsailaren 4an, eta bederatzi egun geroago, hilaren 13an, jasandako torturen ondorioz hil zen. Orduz geroztik, data hori Torturaren kontrako Eguna bilakatu da Euskal Herri osoan. Hain zuzen ere, bihar, asteazkena, beteko dira 32 urte Arregiren heriotzatik. Besteak beste, biharko, torturaren kontrako elkarretaratzea deitu du Leioako Ezker Abertzaleak. Hitzordua 20:00etan jarri dute Bulebarrean. Bestalde, Abian kultur elkarteak Torturaren Aurkako Taldeak (TAT) 2011an ekoitzitako dokumentalaren emanaldi berezia antoladu du Algortan, ostegun honetan, otsailak 14. Film horrek Guardia Zibilak 2008ko uztailaren 22an egindako atxiloketak hartzen ditu oinarritzat. Sarekada horretan egun preso dauden Arkaitz Goikoetxea, Aitor Cotano eta Iñigo Gutierrez auzokideak atxilotu zituzten, Algortako, Bilboko eta Elorrioko beste 6 lagunekin batera. Dokumentalean, atxiloketa momentuan eta inkomunikazio egunetan jazotakoaren inguruko informazioa aurkezteko, atxilotuetako pertsonen eta euren senideen testigantzak, euren abokatu eta medikuen adierazpenak eta komisaldegi barruko benetako irudiak aurki ditzakegu besteak beste. TATeko abokatu bat ere bertan egongo da horren aurkezpena egiteko eta, nahi izanez gero, galderei erantzun ahal izateko. Hitzordua 19:30ean jarri dute, Abianen, Algortako Bidebarri kaleko 2. zenbakian. Argazkian, torturaren kontrako eskualde manifestazioa Algortan, 2008ko abenduaren 28an.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun