Astelehenean ospatu zen osoko bilkuran Mari Carmen Urbieta Leioako alkate berria izendatu zuen Udalbatzak. Botazioa isilpekoa izan zen eta EAJren hautagaiak bederatzi boto jaso zituen. 2007tik hona udal agintari leioaztarra izan den Eneko Arruebarrena Elizondok alkatetza utzi zuen pasa den astean Metro Bilbaoko zuzendaria izateko. Bere ordez, orain arte Hirigintzako zinegotzia izandakoa izango da alkatea. Mari Carmen Urbieta González: Trapagaranen jaio zen 1955eko uztailaren 19an. Leioan bizi da 1967tik. Ezkonduta dago, seme bat eta alaba bat dauzka. Medikuntzan eta Kirurgian lizentziatua da EHUn; Kirol Medikuntzako masterra; eta Inguruarekiko Arreta eta Osasun Publikoari buruzko Masterra dauzka. Eusko Jaurlaritzako Osasun sailean lan egin zuen luzaroan, Ingurugiroko Osasuneko eta Osasun Publikoaren alorreko hainbat programatako arduradun. Argazkian, Urbieta, besteak beste, Karmelo Sainz de la Maza eta Eneko Arruebarrena alkate ohiak inguratuta / © Leioako Udala.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!