Ostiralean, etzi, Areeta eta Itzubaltzeta / Romoko herritarrek omenaldia egingo diote Lourdes Artetxe D'Arpont auzokidea zenari. "Irribarrea galtzen ez duen izarra!" lelopean, ekitaldia Itzubaltzetako Santa Eugenia plazan burutuko dute, arratsaldeko 7:30ean. Antolatzaileek gogoratu dutenez, Lourdes pasa den ostiralean zendu zen, urtarrilaren 3an 54 urte bete berri zituela. Areetarra, Itzubaltzetan finkatu zen; "erdalduna izanik, gau eskolan euskaldundu eta bere bizi-proiektua euskaraz eta euskararekin lotu zuen, seme-alabak euskaraz haziz, AEK-n lan eginez, eta herri honen hizkuntzaren aldeko hamaika ekimenetan parte hartuz", hartu dute gogoan. Euskaltzalea izateaz gain, "bizitzan zehar behin eta berriro jardun zuen herriaren eta Euskal Herriaren alde, kultur arloan, politikan, jendartean...", gertukoek azaldu bezala. Baina Lourdesen "ezaugarri nagusiena zen sentitzen zuena kantuz adierazten zuela hoberen, eta abeslari, kantari eta herri girokoa izan den neska hori ere gogoratu nahi" dute auzokideek. Horregatik, Areeta eta Itzubaltzeta / Romoko herrikideek Lourdes ezagutu eta maitatu duen lagun oro ostiralean hurreratzera gonbidatu dute. Irudian, omenaldiko kartela.