Imanol Landa Getxoko alkateak bertan behera utzi du astelehenaz geroztik euri-jasagatik sortutako egoerari aurre egiteko indarrean izan den Udal Larrialdi Plana. Une honetan Eusko Jaurlaritzaren Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologia Zuzendaritzak prezipitazio iraunkorragatik 24:00etara arte abisu hori mantenduko du. Udalak Larrialdi Plana eta Krisi Mahaia aktibatuta izan ditu, alerta egoeran izan zuen aurrezaintzarako operazio guztiarekin. "Udaltzaingoko taldeek errondak egin dituzte etengabe udalerrian uholde arrisku handiena duten lekuetan eta, atzo, astearte goizean, hilaren 12an, uneoro zaindu zituen aipatu tokiak (Salsidu, Larrañazubi, Bolue, Txikia plaza, Fadura, Neguri eta Etxezuri). Bakarrik ur putzua sortu zen Bolueko zelaien ondoan eta lur-jausi txiki bat Portu Zahar inguruan. Gobelak ondo erantzun du berriro, batez ere Salsidu-Zubilleta eta Etxezuri-Larrañazubin egindako premiazko lanei esker, ibaiak ez zuelako gainezka egin udalerriko inongo gunean, nahiz eta une batzuetan, emaria ugaria izan zen oso leku batzuetan", tokiko arduradunek adierazi dutenez. Landak, baina, berriro adierazi du “Gobelaren egokitzapen hidraulikorako eta ingurumena lehengoratzeko proiektua amaitu arte, -3. faseko lanak abiatu dituzte dagoeneko-, ez dugula segurtasun-berme handiagorik izango uholde arrisku egoeraren aurrean, eta horregatik zaintzen jarraitu beharko dugu”. Argazkian, hainbat neska aterki azpian, artxiboko irudian.