Eramus Mundus izendapen plaka jaso du gaur Plentziako Itsas Estazioak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2013ko ots. 13a, 21:02

Iaz inauguratu zuten EHUko Plentziako Itsas Estazioak (PIE) Erasmus Mundus masterraren omenezko plaka jaso du gaur. Europar Batasuneko Hezkuntza, Ikus-entzunezko eta Kultur Agentzia Exekutiboak onartu dio Erasmus Mundus kategoria Plentzian egoitza duen Itsas Ingurumena eta Baliabideak (MER) masterrari. Gauzak horrela, plaka aurkezteko ekitaldian Javier Gil Goikuria Irakasle-ikertzaileen arloko errektoreordea eta Miren Cajaraville Master eta Doktorego Eskolako zuzendaria izan dira. Era berean, bihar, osteguna, MER Erasmus Mundus masterreko arduradunen bilera egingo da Plentzian ere, EHU, Southampton, Bordele eta Liegeko unibertsitateetako zein AZTI-Tecnalia-ko kideek parte hartuko dutela. Bertan,Erasmus Mundus bekak emateko aukeraketa prozesua hasiko dute. Argazkian, gaurko ekitaldia / © Euskal Herriko Unibertsitatea.

MER masterra Erasmus Mundus lortzen duen Euskal Herriko Unibertsitatearen lehen masterra da. Sari horri esker, Europako Batzordeak emandako bekak eskuratu ahal izango dituzte 18 ikaslek. Bidaia, etxe, matrikula eta aseguruen gastuak ordainduko dituzte beka horiek, hala nola hileko hainbat gastu. Bekak eskatzeko prozesua urtarrilaren 31n bukatu zen, eta behin betiko emaitzak martxoaren hasieran argitaratuko dira. 2012ko maiatzean aukeratutako ikasleek Erasmus Mundus Agentziak bidalitako behin betiko emaitzen komunikazio ofiziala jasoko dute.

Erasmus Mundus MER masterreko hautagaiek 2013-2014 ikasturtean hasiko dituzte ikasketak Plentziako Itsas Estazioan. MER master, Erasmus Mundus markarik gabe, 2006-2007tik ematen zen EHUn, Bordele I. Unibertsitatearekin (Frantzia) eta Southamptongo Unibertsitatearekin (Ingalaterra) elkarlanean.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun