Kepa Acerok hitzaldia emango du etzi Markinan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2013ko ots. 13a, 22:32

Kepa Acero surflari algortarrak Markina-Xemeingo Uhagon kulturgunean (Xemein etorbidea 10) arituko da etzi, ostiralarekin. Bertan, gaueko 9etatik aurrera, "It's not about the waves" (ez naiz olatuez arituko) izenburuko hitzaldia emango du, irudiz eta bideoz lagunduta, Naiz.info agerkari digitalak zabaldu duenez. Solasaldian, Acerok azken urteetako bidaietan bizi dituen esperientziak kontatuko ditu, besteak beste, 5 Olatu 5 Kontinente proiektuan egindakoak, tartean Unai Basurko eta Pakea Bizkaiaren eskifaiarekin Antartikara berritan eraman duena. Azken bidaia horren nekea astintzeko astia ere ez du izan algortarrak, hilaren 4ean ekin baitzion etxera bueltako bidaiari. Argazkian, surflari algortarra Antartikako Decepcion uhartearen aurrean / © Kepa Acero.

Bestalde, Epic telebistak antolatutako 2012 urteko abenturazalerik onenari saria ere irabazi berri du. Kepa Acerok 18 urterekin ekin zion surflari profesionala izateari eta gazte mailan Europako txapela irabazi zuen. Urteetan, Europako hamar surflari onenen artean mantendu zen. Duela urte batzuk, lehiaketak alde batera utzi eta surfa beste era batera bizitzeko apustua egin zuen. Kirol profesionaltzat jo beharrean, bizitzeko, mundua ikusteko, kulturartekotasuna lantzeko eta hezteko modu bat bezala ulertu zuen surfa eta bide horretan, ikus-entzunezko dibulgazio lanak sortzeko apustua egin zuen.

Gauzak horrela, norabide hori hitzaldietan ere eskaintzen du Kepak, surfaren beste ikuspuntu bat erakusten duela. Surfaren hastapenetan abentura-kirol horrek naturarekiko eta beste kulturekiko harremanak zuen garrantzia berreskuratuz eta erakutsiz. Bidaietan bizi dituen esperientziak ere elkarbanatzen ditu publikoarekin, hala nola motibazioak eta ilusioak, baina baita beldurrak, borrokak eta bakardadea ere, besteak beste. Kirolaren baloreak eta ametsak egi bihurtzeko gaitasuna ere jorratzen dituen gaietako batzuk dira.

Hitzaldi-diaporamaz gain, argazki erakusketa ere aurkeztuko du ostiralean. Argazki erakusketa kulturguneko kafetegian izango da ikusgai martxoaren 3ra arte.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun