Joxe Arregi Izagirre zizurkildarra Guardia Zibilak atxilotu zuen Madrilen 1981eko otsailaren 4an, eta bederatzi egun geroago, hilaren 13an, "komisariako infernua atzean utzi, baina Carabanchel espetxeko ospitalean sartu behar izan zuten benetan egoera tamalgarrian", Amnistiaren Aldeko Mugimenduak aurreko urteetan gogoratu duenez. "Bere gorputza ubelduraz eta erreduraz josita zegoen, eta gutxi iraun zuen bizirik. Otsailaren 13 hartako bere hitzek ongi adierazten dute Joxe Arregik pairatu behar izan zuena. 'Oso latza izan da' esan eta heriotzaren marra igaro zuen", gaineratzen zutenez. Atzo, asteazkena, bete ziren 32 urte gertaera hartatik, eta hura gogorarazteko eta torturaren amaiera eskatzeko, goizean goizetik Joxe Arregik sufritutako torturak agerian uzten zituzten argazkiak agertu ziren Algortako kaleetan, nonahi. Telletxen plazan, metro geltokiko sarreratik hurbil, berriz, eskuak atzean lotuta eta burua plastikozko poltsa beltzez estalitako panpina zuria zegoen; "Stop Tortura" irakur zitekeen pankartaren azpian.