Getxoko Udala "murrizketak egiten hasia" dela salatu du Bilduk

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2013ko ots. 14a, 11:51

Herritarren ekarpenak jaso eta aztertu arren, horiek "aurrekontu prozesuaren barruan aurkezteko aukerarik eman ez" dietela salatu zuen atzo Getxoko Bilduk, "EAJk ez duelako Getxoko udal aurrekontu eztabaida zabaldu nahi izan orain arte, Bildurekin behintzat". Gaineratu zutenez, "oraindik zain" daude Gobernu Taldeak 2013ko aurrekontu zirriborroa aurkez diezaien. Hala ere, "aurrekontuak gauzatzen hasiak" direla ohartarazi du koalizio ezkertiarrak: "jakinaren gainean gaude hasiak direla hainbat arlotan murrizketa gogorrak eta Bilduren ustez, erabat desegokiak, indarrez ezartzen. Besteak beste, Gazteria arloko diru laguntzak %20 murriztu dituzte; elkarteen web ataria desagerrarazi dute; euskara ikasteko diru laguntzak murriztu dituzte eta dagoeneko getxoztarrek ez dute doan izango euskalduntzea; eta herriko jaiak antolatzeaz arduratzen diren jai batzordeei %40ra hel daitekeen murrizketa aplikatu diete. Zeintzuk izango dira hurrengoak? Gizarte diru laguntzak?". Argazkia: cc-by Getxoko Bildu.

Getxoko Bilduk adierazi duenez, "ez dugu inolaz ere onetsiko herritarren bizi kalitateari, beharrei, hezkuntzari, aisialdiari, kulturari... eragiten dioten inolako murrizketarik, are gutxiago beharrezkoak ez diren 'bilbainada' moduko azpiegituretan (Getxo Antzoki berria eta Romo Kultur Etxeari buruz) milioika euro gastatzen den bitartean".

Getxoko Bilduk zabaldutako prentsa oharra:

Egun, zain gaude EAJko Gobernu Taldeak, 2013ko aurrekontu zirriborroa aurkez diezagun. Bildun, “Udal dirua, denon kontua” parte hartze prozesua jarri genuen martxan 2012ko urrian, herritarren ekarpenak jasotzeko. Ekarpen horiek jaso eta aztertu arren, ez dugu aukerarik izan aurrekontu prozesuaren barruan aurkezteko, esan bezala, EAJk ez duelako Getxoko udal aurrekontu eztabaida zabaldu nahi izan orain arte, Bildurekin behintzat. Hala ere, zoritxarrez, jakinaren gainean gaude hasiak direla aurrekontuak gauzatzen, hainbat arlotan murrizketa gogorrak eta Bilduren ustez, erabat desegokiak, indarrez ezarriz. Besteak beste, Gazteria arloko diru laguntzak %20 murriztu dituzte; elkarteen web ataria desagerrarazi dute; euskara ikasteko diru laguntzak murriztu dituzte eta dagoeneko getxoztarrek ez dute doan izango euskalduntzea; eta herriko jaiak antolatzeaz arduratzen diren Jai Batzordeei %40ra hel daitekeen murrizketa aplikatu diete. Zeitzuk izango dira hurrengoak? Gizarte diru laguntzak?

Bilduk ez du ondo ikusten Udal Gobernu honek gutxiengoan eta bere kabuz gobernatzeko duen modua, oposizioari adarra joaz. Onartezina da, EAJk egun inori zirriborrorik aurkeztu ez izana udal aurrekontuen lanketarako, eta bitartean murrizketak aplikatzen hastea, krisiaren eraginez dirua falta dela argudiatuz. Nork sinistuko du dirua falta dela Getxo Antzokia eta Romo Kultur Etxea bezalako makroproeiktuak inolako murrizketarik gabe inposatzen dituen herri batean? Zergatik dirua falta aurrekontu luzatuak baditugu? Zeren arabera erabaki duzue murrizketa horiek eta ez beste batzuk? Bilduk milioi bat euro inguru aurreztea suposatzen zuen proposamena egin zion 2011n EAJri, talde politikoen diru sariak eta dietak murriztuz. Baina noski, murrizketa hau ez zuen hain egoki ikusi eta PPrekin hori atzera botatzea nahiago izan zuen.

Abenduko Osoko Bilkuran gainera, Getxo Antzokiari zegozkion diru partida plurianualak aldatzeko aukera eman genion EAJri, murrizketak egin behar ez izateko. Baina dirudienez berriz ere oposizioko taldeei eta herritarrei adarra jo eta herriaren jabea balitz bezala jokatzea nahiago izan du EAJk.

Imanol Landaren gobernua, Rajoyren modura, murrizketekin hasi da. Jakina, hauek -euren politika eskuindar, kapitalista eta pribatizatzailearekin bat etorriz- herritarrei dagozkien arloek pairatuko dituzte. Baina, planteatu ere ez dute egiten Getxoko EAJren ustez gure herrirako hain premiazkoak diren makro Getxo Antzoki eta egiteko dagoen makro Romo Kultur etxean aurreztea. Bai zera! Inolaz ere, nahiz eta oposizioak zein auzotarrak makro proiektu hauekin ados egon ez, eta jakinda proiektu xumeago eta merkeagoekin ere erantzuna eman ahal zaiela herriaren kultur azpiegitura beharrei.

Bilduk ez du inolaz ere onetsiko herritarren bizi kalitateari, beharrei, hezkuntzari, aisialdiari, kulturari... eragiten dioten inolako murrizketarik, are gutxiago beharrezkoak ez diren “bilbainada” moduko azpiegituretan milioika euro gastatzen den bitartean.

Agian orain gure jarrera eta haserrea ikusita, arineketan, itxurakeria egiteko, aurrekontuen zirriborroa aurkeztuko digute. Guk, beste behin, burututako parte-hartze prozesutik herriarengandik jasotako ekarpenekin EAJren aurrean ipiniko gara eta berriro ere ikusi ahal izango dugu hauek jaso eta barneratzeko prest dauden. Hala ere, esperantza gutxi dugu hau horrela izango denik eta Gobernu Taldeak behingoz herriaren eta herritarren ahotsa entzungo duenik.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun