Leioako Bildu: "Leioako alkate berri Mari Carmen Urbietari gutun irekia"

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2013ko ots. 14a, 12:23

Orain dela zenbait egun prentsa bidez jakin dugu Eneko Arruebarrenak Leioako alkate izateari utzi eta zu, Mari Carmen Urbieta, zarela alkate berria. Ustekabea izan bada ere, positiboa izan daitekeela uste dugu, eta gutun ireki honen bidez gure hausnarketen berri eman nahi dizugu. Jakina eta agerikoa da Leioan EAJ eta Bilduren arteko harremanak ez direla oso onak. Arrazoiak ugariak dira, baina bik dute garrantzi berezia. Alde batetik, zuek gobernatzen duzue eta gu oposizioko lehen alderdia gara, gure zeregin nagusienetariko bat izanik gobernuaren jarduera kontrolatzea eta ikuskatzea. Beste arrazoiak, ordea, ez du batzuen eta besteen eginkizunekin zerikusirik, alkate ohiaren modu eta forma txarrekin baizik. Argazkian, Elixabete Moral eta Arkaitz Fullaondo Leioako Bilduko zinegotziak prentsaurreko batean.

Elkarrizketa eta gardentasuna ez dira izan Eneko Arruebarrenaren agintaldiko bertute. Guk geuk pairatu ditugu zenbait unetan despotikoak izan diren jarrerak, informazioa ukatuz, gure informazio eskaerak ez erantzunez, udal lokalak erabiltzea debekatuz etab. Azken gertakaria aurrekontuen zuzenketen azpijokoa izan da, oso larritzat jotzen duguna. Batzuetan zalantza dugu, ez dakigu jarrera hori Arruebarrena beraren izaeraren ondorioa ala Leioako EAJren berezko erabakia den. Sinistu nahi dugu lehenengoa dela, ez bigarrena.

Elkarrizketa ezaren inguruko kexa berak heldu zaizkigu Leioako gizarte mugimenduaren, elkarteen eta bizilagunen aldetik. Udalaren aurka jarriz gero bizimodua zailtzen zaizunaren sentipena dago Leioan, lokalak erabiltzeko orduan, ekimenak antolatzeko orduan, baimenak lortzeko orduan etab. Hau aldatu beharra dago, Udalak naturaltasunez eta gardentasunez onartu behar ditu kritika soziala eta politikoa. Arrazoi demokratiko eta parte-hartze eskubideaz gain, Leioak herri gisa asko irabaz dezake bertako pentsaera sozial eta politikoak publikoki adierazi badaitezke eta publikoa dena baldintza berdinetan erabili badaiteke.

Badakigu Bilduk eta EAJk Leioak izan behar duenaren inguruko oso ikuspuntu ezberdinak ditugula. Oso ezberdinak eta gai batzuetan aurkakoak izan daitezkeen herri ereduak defendatzen ditugu. Positiboa eta aberasgarria da, proiektu politikoen aniztasuna islatzen baitu.

Hala eta guztiz ere, uste dugu badaudela heldu beharreko lehentasunezko hainbat gai: Pinosolo kasuko ardurak argitzea; udal kudeaketa demokratizatzea, parte-hartzea eta gardentasuna lortzeko benetako bitartekoen bidez; kiroldegi berri baten proiektua abian jartzea, kirol ekipamendu politika orokorraren baitan; alokairuzko etxebizitza publikoaren plana; auzoen arteko desberdintasunekin amaitzea; Leioa herri euskalduna bihurtzea, non gure hizkuntza kalean entzutea normala izango den; gazteria herriko bizimoduan benetako protagonista izatea; kultura demokratizatzea, programaziotik haratago joanez eta herri kultura bultzatuz; saltoki txikiak modu nabarian bultzatzea; enplegu politikak bultzatzea, eta azkenik arreta berezia jartzea justizia sozialean, krisi kapitalista sistemiko honen ondorioei aurre egiteko.

Maila politikoan, uste dugu Leioako Udala eragile aktiboa bilakatu behar dela gatazkaren eta bere ondorioen konponbidean. Egun, Leioan gehiengo politikoak Aieteko Adierazpenaren 5 puntuen aldeko jarrera du, dispertsioaren amaieraren aldekoa, zigorraren hiru laurdenak bete dituzten presoak kaleratzearen aldekoa, Parot doktrinaren aurkakoa eta gaixo dauden presoak kaleratzearen aldekoa. Biktima eta memoriari dagokienean, gai horiek Euskal Herrian bizi dugun egoera politiko berriak merezi duen ikuspegi irekiarekin landu behar dira, gatazkaren biktima guztiak aitortuz, gure herrian frankismoak eragindako hilketak eta ondorioak ahaztu gabe.

Azkenik, beharrezkoa deritzogu Leioako Udalak parte-hartzea Euskal Herria aitortzea eta eraikitzea helburu duten ekimenetan, independentziarako bidean dagoen nazio gisa. Zentzu honetan, Udalbiltza berriz ere abian jartzea aukera handia da eta politikoki zein ekonomikoki bultzatu beharra dugu.

Gutun ireki hau amaitzeko, espero dugu aldaketa onerako izatea. Espero dugu orain arteko elkarrizketa eza Eneko Arruebarrenaren politika egiteko moduak sortu izana, eta zure etorrerarekin konpontzea. Gu prest gaude gutunean adierazitako gai guztien zein zuk proposaturiko beste edozein gairen inguruan hitz egiteko.

Adeitasunez,

Sinatzaileak: Arkaitz Fullaondo, Elixabete Moral, Jokin Ugarte eta Eneko Jalon, Bilduren Udal Taldearen zinegotziak.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun