Iñaki Gonzalo Casal "Kitxu" preso politiko itzubaltzetarrari 197/2006 edo Parot ezizenez ezaguna den doktrika aplikatu diote, espetxealdia luzatuz, Etxerat elkarteak jakinarazi duenez. Getxo eta Egin irratietako kazetari izandakoa, 1994ko urriaren 25ean atxilotu zuten Areetako Bizkaiko Zubiko plazan, Andoni Muñoz urduliztarra, eta Algortako Iñigo Otazua "Oti" zein Angel Figueroarekin batera. Ekintzarik burutu ez zuen Lanbroa komandoko kideak izatea leporatu zieten lauei, 30 urteko zigorra ezarriz. Egun Valladolideko espetxean, 19 urte daramatza preso. "Irteera data 2013ko maiatzaren 4rako bazuen ere, 197/2006 doktrina ezarri diote, eta oraingoz ez diote irteera data berririk jarri", Etxeratek adierazi duenez. "Estrasburgoko Giza eskubideen batzordeak Ines del Rioren kasuaren inguruko ebazpena emandakoan, giza eskubideen aurkako neurria dela argi utzi arren, Espainiak gure senide eta lagunei neurri krudel hau aplikatzen jarraitzen du. Euren eskubideak eta gureak guztiz urratzen dituztelarik", presoen senideen elkarteak salatu duenez. Argazkian, "Kitxu" maitasunez hartu zuten ehunaka auzokidek abenduaren 24an, Angela Casal Tubet bere ama zenaren hiletan.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!