Plentziako Independenteen eta EAJren arteko
hitzarmena apurtuta, jelkideek zituzten ardurak beregain hartu dituzte independenteek,
"El Correo Español" egunkariak zabaldu duenez. Gauzak horrela, Isamari Zarauza alkatea izango da Herri lanak, Zerbitzuak eta Kirolak; Merkataritza eta Jaiak; Gazteria; eta Ibaia, Portua, Hondartza eta Turismo arloetako zuzendaria. Hala ere, Herri lanak, Zerbitzuak eta Kirolak gaietan Silvia López de Guereñu Hirigintza zinegotzi eta alkateordearen laguntza izango du udal agintariak. Eta Gazterian, Ramón Anasagasti Kultura, Hirugarren Adina eta Osasun zinegotziarena, aipatu hedabidearen arabera. 2013ko aurrekontuen bozketak bertan behera utzi zuen 2011ko udal hauteskundeen ostean Plentziako Independenteek eta EAJk egindako hitzarmena. Lehenengoek sei botoren aldea atera zieten jelkideei eta, negoziaketen ostean, azken hauek ez zuten oztoporik jarri Zarauza alkatetzara heltzeko. Horren ordez, Herri lanak, Zerbitzuak eta Kirolak; Merkataritza eta Jaiak; Gazteria; eta Ibaia, Portua, Hondartza eta Turismo arloak eskuratu zituen EAJk. Aurrekontuen kontra bozkatu ostean, baina, kendu egin zizkien ardurak Zarauza udal agintari independenteak. Argazkian, Isamari Zarauza Plentziako alkatea.