Afarirako txartelak eskuratzeko epea dagoeneko pasa da. Halere, berandu ibili arren saiatu nahi denak albegetxo[abildua]gmail.com posta elektronikora idaztea edo 605 704 385 telefonora hots egitea baino ez du egin behar. Hamabost euro kostatuko du afariak, hamar umeen kasuan.
Aurreko edizioak
Jon Sarasua, Jesus Mari Irazu, Unai Iturriaga, Igor Elortza, Estitxu Arozena pasatu ziren lehenengo urteetan Abra jaialdiaren oholtzatik. Hasiera batean udaberriko bertso-jaialdia izan bazen ere, 2002an sariketa bihurtu zuen ALBEk. Geroztik, Nerea Elustondo, Jon Martin, Xabier Paya, Ohiana Bartra, Maddalen Arzallus, Jone Uria, Asier Azpiroz eta Endika Igartzabalek bete dute Abra sariko txapeldunen zerrenda. Euskal Herri osoko bertsolari gazteekin gauzatzen ohi dute kartela, 19 eta 22 urte bitartekoak izaten direla beti. Horrezkero, 65etik gora bertsolari gazte pasatu dira Abra Sariaren taulatik. 2011ko berrikuntza, berriz, afari formatua izan zen. Aurten ere, sariketa afaldu ondoren jokatuko da.
Euskal Herriko bertsolari gazteentzako Abra Sariaren XII. edizioa gaur iluntzean jokatuko da Algortan.