Jose Angel Torre "Txantxel" eta Mikel Urriz Hegoalde kultur elkarteko zuzendaritzako partaideak eta Iñaki Doñabeitia Erandioko Altzaga auzoko Jai Batzordeko kidea absolbitu ditu Espainiako Auzitegi Nazionaleko Areto Penaleko Bigarren Atalak.
Hilaren 5ean epaitu zituzten hirurak, 2011ko Erandioko San Agustin jaietako liburuxkan Hegoalde kultur elkarteak
ipinitako iragarkiagatik. Grande Marlaska epaile instruktoreak eta fiskalak urte eta erdiz mantendu dute Ekin erakunde ilegalizatuaren kidea zelakoan preso prebentibo zegoen Erika Bilbaoren argazkia, "Erika maite zaitugu" testua eta Arrano Beltz bat agertzea nahikoa zela akusatuei "terrorismoaren goratze" delitua leporatzeko. Aretoko epaileak, berriz, bi aste baino gutxiago behar izan du aipatutako usteak ustel utzi eta teoria hori suntsitzeko. Gauzak horrela, epaileak ez du ustezko delituan akusatuen egiletza frogatutzat jotzen eta, are garrantzitsuena dena, ez du Hegoalde elkartearen iragarkian delitu frogarik ikusten. Jose Angel Torre "Txantxel" Hegoaldeko presidenteordeak UKBERRI.NETi adierazi dionez, sententziak ukatu egiten du preso baten argazkia plazaratze hutsa "terrorismoaren goratzea" denik. Argazkian, Erandioko jai batzordeak eta Hegoaldek antolatutako agerraldietariko bat.