Egoera ilun horren aurrean, Etxerat osatzen duten guztien lanak "ezinbestekoa izaten jarraitzen" duela ziurtatu zuten. Horrekin batera, preso, iheslari eta deportatuen senide eta lagunen arteko kohesioa eta elkartasuna lantzen jarraitzera deitu zuten, "gure artean sortzen den elkarlana oso baliagarria baitzaigu errepresaliatuen aurka ematen den mendeku politika honi aurre egiteko". Euskal errepresaliatu politikoen errealitatea islatzen saiatuko dira eta euren inguruko informazioa, salaketa eta testigantza ematen jarraituko dute. Argi utzi zuten errepresaliatu guztien inguruan hitz egiten dutenean, "presoez gain iheslariez eta deportatuez ere ari gara".
197/2006 dotrina
Senide eta lagunen beraien eskubideak ere errespetatuak izan daitezen ere lan egingo dute: "jendarteak bakerako eta bizikidetzarako apustua egina duen testuinguru honetan, guk bizi dugun errealitatea ezagutarazi nahi dugu. Herri honetan gatazka luze batek pertsona askorengan eragin duen eta eragiten duen sufrimenduaren aitortza ezinbestekoa da, bai gizartearengandik eta baita agintari eta instituzioengandik ere".
Gauzak horrela, lanean jarraitzera deitu zuten: "lanean guztion eskubideak errespetatuak izan daitezen. Lanean gure senide eta lagunak gurekin izan arte". Bide horretan, epe motzean, senide eta lagun presoen eskubideekin estuki lotuta dagoen garrantzi handiko hitzordua gogoratu zuten, martxoaren 20a, alegia. Data horretan, Europako Giza Eskubideen Auzitegian Ines del Rioren kasuaren inguruko ebazpena dela eta, Espainiak jarritako helegitea aztertzen hasiko dira. Eta baliteke Etxeratek "ezinbestekotzat" jo duen "mugarria" orduan jartzea. Izan ere, 197/2006 dotrinaren aplikazioa "neurri krudela da", eta Estrasburgoko epaiak argi utzi bezala "presoen giza eskubideen aurkako eraso zuzena da". Neurri horrek euskal preso politikoei bizi osorako espetxe zigorra aplikatzea ahalbidetzeaz gain, "senide eta lagunoi ere salbuespeneko espetxe politika baten ondorioak bizi osoan jasatea eragiten digu".
Horregatik, ezinbestekotzat jo zuten "guztion babesari esker" martxoaren 20an aztertzen hasiko diren helegite horri aurre egin, eta 197/2006 dotrina bertan behera uzteko lan egitea. "Behingoz, Estrasburgok mendekua besterik bilatzen ez duen neurri honi ateak parez pare ixtea lortu behar dugu, eta horrela gure senide eta lagunen eskubideak behingoz errespetatzen hasi, eta 197/2006 doktrina aplikatuta duten euskal preso politiko guztiak aske uztea. Eta ziur gaude guztion lanari esker lortuko dugula gure helburuak betetzea. Benetan lortuko dugu!", adierazi zuten Etxerateko kideek.