Kordobako espetxera aldatu zutenetik, 2012ko abuztuaren hasieratik,
Sergio Polo Escobes euskal preso politikoa bakartuta daukate eta sei hilabete eman ditu jada egoera horretan. Bada, egunotan jakinarazi du
Sopelako Herrira bilguneak kartzelako batzordeak beste sei hilabetetan isolatuta edukiko dutela esan diola gatibu sopeloztarrari. "Horrek urtebete isolamenduan bakarrik betearaztea dakarkio", preso eta iheslari politikoen aldeko tokiko eragileak gogoratu duenez. Sopelako Herrirak salatu duenez, "berriro ere, euskal preso politikoen aurkako beste injustizien pilaketaren aurrean gaude". Hori dela eta, Poloren egoera salatzen jarraituko dute: "Sopelan, iazko urritik hona, astelehenetako elkarretaratzeetan, zigor gehigarri hori salatu egin dugu: 'Sergio isolamenduan. Aski da' lemapean bildu gara. Azken ostiraletako elkarretaratzeetan ere aldarrikapen hori izan dugu ardatz. Sopelako Herri Bilgunetik, Sergioren zigor gehigarri injustuaren egoera zabaltzeko eta salatzeko laguntza eskatzen dizuegu, eta, aldi berean, gutunak bidal itzazue Kordobako espetxera Sergio gainerako kideekin batu dezatela eskatuz, baita Sergiori berari animoak ematen ere, ondoan gaituela jakin dezan", azaldu dutenez. Argazkian, Sergio Polo Sopelako euskal preso politikoa / cc-by-sa Askatu.org.