Korrika kulturala hartuko du etzi Urdulizek

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2013ko ots. 20a, 18:48

Euskararen aldeko nazio mobilizaziorik handiena, Korrika 18, alegia, datorren martxoaren 14an abiatuko da Andoaindik, hamaika egunez Euskal Herria zeharkatu ondoren hilaren 24an Baionan amaitzeko. Aurretik, Uribe Kosta eta Erandiotik martxoaren 21ean eta 22an igaroko da, "Eman euskara elkarri!" lelopean. Horretara itxaron gabe, lehen aldiz korrika batzordea antolatu dute Urdulizen herriko euskaltzaleek eta makina bat taldek. Horrezkero, herria lasterketaren giroaz jabetu eta bertan murgil dadin, Korrika Kulturalaren lehen ekimena antolatu dute etzirako, ostiralarekin. Arratsaldeko 4etatik aurrera, haur eta gaztetxoentzako animazioa izango da Elortza eskolako patioan, bertan, besteak beste, puzgarriak eta aurpegi margoketa tailerra izango direla. 18:00etan, askari bero eta gozoa izango dute, herri txokolatada dela medio. Ordu bat beranduago, Iparralde sokatira taldeak hainbat tirada egingo ditu, hasieran umeekin. 19:00etan ere, txalaparta tailerra hartuko du Elortza eskolako patioak. Eguna bukatzeko edo, 20:30ean Elortza inguruko tabernetatik trikipoteoa abiatuko dute. Ostiralean ere, baina 21:00etik aurrera, Xabi Paya algortarrak eta Arkaitz Estiballesek Loiuko Aurregoiti jatetxean abestuko dute, bertako Korrika Kulturaleko bertso-afarian. Bitartean, gaur, 19:00etan, Leioako Korrika batzordeko bigarren bilera egingo dute, Lamia AEK euskaltegian. Argazkian, Korrika 17, 2011n, Urdulizen barrena.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun