Leioako Udalak Kultur Maratila egitaraua prestatu du aurten ere, eta protagonista nagusiak musika, antzerkia eta zirkua izango dira. Horrela,
Kultur Leioa aretoak oso-osorik euskaraz izango den egitaraua eskainiko du otsailaren 28tik martxoaren 3ra,
Artedrama plataformarekin lankidetzan. Programaren antolatzaileek prentsaurrekoan azaldu dutenez, Horman Poster kolektiboaren "Iragan perfektua" antzezlanak irekiko du zikloa, aipatu ostegunean. Martxoaren 1ean, Metrokoadroka kolektiboaren txanda izango da, "Poza: zergatik dantzatzen dute bosniarrek?" lanarekin, bai eta "Bi arreba" proposamenarena ere, Xabier Lizaso eta Andoni Egaña eszenatoki gainean daudela. Martxoaren 2an, Rouge Eleak "Biutz" aurkeztuko du, antzerkia, zirkua eta bideoa nahastuz, eta Anarik musika jarriko dio gauari. Kultur Maratila martxoaren 3an amaituko da, Tartean Teatroa / Ez Dok Hiru Bikoteatroa konpainien "Lingua nabajorum (euskararen historia txoroa)" lanarekin. Ikuskizunetarako sarreren prezioa 6 eta 8 euro bitartekoa da, baina badago Maratila Bonua eskuratzeko aukera, 30 euroko prezioan. Saio guztiak 20:30ean izango dira. Argazkian, ezkerretik eskuinera, Mikel Martinez (Tartean), Ander Lipus (Artedrama), Jon Lazkano Leioako Kultur zinegotzia eta Igor de Quadra (Horman Poster Kolektiboa), gaurko prentsaurrekoan / © Leioako Udala.