Getxoko Justizia Jauregiaren kontrako atentatu saiakeraren auzian, Arkaitz Goikoetxea Basabe preso politiko getxoztarra eta Aitor Cotano Sinde gatibu algortarra berriz epaitzeko eskatu zuen, atzo (asteazkena) egindako bistan, Espainiako Auzitegi Goreneko fiskalak,
EFE albiste agentziak zabaldu duenez. Biak ala biak absolbitu egin zituen 2012ko maiatzean Espainiako Auzitegi Nazionaleko zigor arloko 4. salak; tribunalaren ustez, "ez dagoelako akusatuen parte hartzea froga dezakeen oinarririk". Fiskalaren arabera, ordea, berak eskatutako frogek berretsi egingo lukete Cotanok egindako aitorpena. "Cotanok esan zuen Goikoetxea zela taldearen arduraduna eta berak eman zizkiela lehergailuak taldeko kideei; ondoren, hainbat kidek —Asier Borrero algortarra tartean— eta Cotanok berak lehergailuak jarri zituztela epaitegian", aipatu iturrien arabera. Epaiketan, ordea, bere aurkako froga bakarra, Guardia Zibilaren eskuetan inkomunikatuta zegoela egindako adierazpenak zirela onartu zuen tribunalak berak. Fiskaltzak 44 urteko kartzela zigorra eskatzen zuen bakoitzarentzat. Argazkian, "Epaiketa politikorik ez. Utzi bakean Euskal Herria" lelopean, 80 lagun inguru elkartu ziren 2012ko apirilaren 12an arratsaldean Algortako Telletxe plazan, epaiketa salatzeko.