Berbots Erandion Euskaraz! elkarteak antolatuta, txotx garaiaz gozatu ahal izango dute aipatu udalerriko zein inguruetako euskaltzaleek martxoaren 9an. Larunbat horretan, autobusa hartu eta Tolosako Isastegi sagardotegira abiatuko dira sagardozaleak, ostatuan bertan ekoiztutako sagar ura probatu aldera. Kupeletarako txangoen artean, ohiko menua izango dute: bakailaoa, tortillan zein frijitua, txuleta, gazta, irasagarra, intxaurrak eta abar. Gainera, aurretik, Tolosako azoka ezaguna bisitatuko dute. Bidaia eta menua 35 eurotan jarri dute, euskara taldeko bazkideentzat eta berbalagunentzat 5 euroko deskontua izango dela. Izena emateko Altzagako La Plaza tabernara hurbiltzea baino ez dago, eta horretarako azken eguna martxoaren 2a izango da. Autobusa Altzagako gasolinotik irtengo da 10:30ean. Bueltatzeko ordua, berriz, gauerdian jarri dute. Tartean, esan bezala, Tolosako azoka bisitatu (12:00), bazkaldu (14:00) eta Hernanin egingo dute arratsalde pasa. Argazkian, Berbotseko hainbat lagun parrandan Lutxanan, 2010eko Kanpomartxo jaian.