Topagunea Euskara Elkarteen Federazioak martxoaren 4an abiaraziko du
Laburbira, aurten hamar urte beteko dituen film laburren zirkuitua. Astrabuduan hasi eta Igorren bukatuko da, martxoaren 29an, eta tartean izango dira Hernani, Londres, Gasteiz, Atarrabia, Paris eta beste hainbat herri. Urte hauetan, ehunka emanaldi izan dira Euskal Herriko hamaika txokotan, baita Euskal Herritik kanpo ere. Laburbirak zortzi zuzendariren lanak proiektatuko ditu aurten 20 herritan. Ordu eta laurden inguruko emanaldian, sormena, dokumentala, fikzioa zein animazioa uztartzen dituzten ikus-entzunezkoak izango dira. Hain zuzen ere, Topaguneko arduradunek jakinarazi dutenez, "Berriro igo nauzu" (Carlos Rodriguez), "Oinaze egoitzak" (Oihan Amezua, Karlos Ibarbia, Netzer Bereziartua eta Asier Sustaeta), "Elkartea" (Kote Camacho), "Deus et machina" (Koldo Almandoz), "Desentxufatuak" (Bernues anaiak), "Hamaiketakoa" (Telmo Esnal), "Tortila" (Iñigo Lopez) eta "Beerbug" (Ander Mendia) dira aurten ikusiko diren film laburrak. Esan bezala, martxoaren 4an hasiko da film laburren zirkuitua,
Berbots Erandion Euskaraz! elkarteak antolatuta, Astrabuduako Josu Murueta kultur etxean, 19:30ean. Argazkian, Topaguneko Manuel Moreno eta Jon Garaño zuzendaria, Laburbira 2012ren aurkezpenean / cc-by-nc-sa Topagunea.